argia.eus
INPRIMATU
Bárcenasek PPren legez kanpoko finantziazioa onartu du
  • Luis Bárcenasek hautsak harrotu ditu. 1991-2010 bitartean eraikuntzako zenbait enpresen eskutik 7,5 milioi kobratu izana, diru horretatik PPko goi karguen artean soldataz gaindiko diru banaketa egin izana eta alderdiko abokatuak sobornatzen saiatu direla deklaratu du epailearen aurrean.

ARGIA @argia 2013ko uztailaren 16a
Bárcenasek astelehenean epailearen aurrean egindako deklarazioetan PPko buruen kontra egin du

‘El País’ egunkariak 2013ko urtarrilean argitaratutako paperen egiazkotasuna onartu du Alderdi Popularreko diruzain ohiak.

Mariano Rajoy Espainiako presidentea eta Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusia aurrez aurre jo ditu. Alderdikideek kobratu dituzten soldataz gaindiko “oparietan”, Rajoyk eta Cospedalek 2009-2010 artean guztira 95.000€ kobratu izana aitortu du. “Konpentsazio sistematikoaz” jardun da deklarazioetan, diru beltzean, eta 500€ko billetetan.

Bitartean, ekonomikoki alderdia finantzatu duten enpresariak babesten aritu da Bárcenas. Deklarazioetan ez ditu lotu hauek emandako sosak eraikuntza edo zerbitzuen adjudikazioekin.

Are gehiago harrotu ditu hautsak, esan duenean Alderdi Popularrak bidalitako abokatuak gerturatu zaizkiola ahoa ixtearen eta bere “altxorraren” %25a mantentzearen truke, 500.000€ eskaintzera.

Rajoyren agerpena

Kazetarien artean eztabaida izan da Rajoyren prentsaurrekoan, hainbat mediok argitaratu dutenez. Agerraldira gerturatu kazetariek bi galdera zeuzkaten adostuta, ‘El Mundo’ egunkariak eta ‘EFE Agentziak’ egitekoak zirenak. Momentua iristean, ordea, ‘Abc’ egunkariko kazetariak tratua hautsi eta Espainiako presidenteari adostutakoak baino galdera epelagoa egin dio. Kazetariak berak adierazi du, ‘Abc’ko zuzendariak eta Rajoyk adostuta zituztela egin beharreko galderak, eta horrela libratu zen galdera zorrotzagoak erantzuteaz.