Eraikuntza enpresetako buruek eta beste hainbat enpresarik PPri emandako milaka eurotako dohaintzak, alderdiko buruzagi nagusien artean banatzen zituen Luis Barcenas diruzainak. Aznar, Rajoy, Rato, Alvarez Cascos, Cospedal, Arenas eta Acebes ageri dira El País-ek gaur argitaratutako zerrendan.
Mariano Rajoy Espainiako presidenteak 25.200 euro jaso zituen urtean, 1997tik 2008ra bitartean, El País-en arabera. Dohaintza jaso zutenek ez zuten diru hori Ogasunean deklaratu, ustez justifikatu beharrik ez zuten ordezkaritza gastu bezala jasotzen zutelako. Hala balitz, alegia, jasotako "oparia" Ogasunean deklaratzen ez bazuten, zerga arloko arau-haustea egongo litzateke, baina delitu fiskalik ez, urtean 120.000 euro baino gutxiago jaso zituztelako. Gainera, 2007a baino lehenagoko arau-hausteak zigortzerik ez legoke, preskribatuak leudekelako.
"Ez dira gainsoldatak, harrapatutakoaren banaketa antolatua baizik"
Ignacio Escolar kazetariaren hitzak dira. "Kolpe sistematikoa da, ez eskandalu bat gehiago", idatzi du bere blogean. "Barcenasen B kontabilitatea ustelkeriaren rossetta harria da: Espainiako Gobernuko alderdi nagusia instituzionalki ustelduta dagoen erakunde baten moduan agertzen dute dokumentuek. Hainbat urtean gutun-azaletan sartuta banatu zituen eraikuntza-enpresetako buruek, enpresariek eta berkalifikazioaren bestelako filantropoek jarritako komisioak. Ez dira gainsoldatak, ez diezaiegun horrela deitu. Paper horiek egiazkoak direla demostratzen bada, harrapatutakoaren banaketa sistematiko eta antolatu baten aurrean egongo gara".
Kazetari espainiarrak dioenez, "kultura demokratiko handiagoa duen beste edozein herrialdetan" ondorioak argiak lirateke: "Ikerketa judiziala abiatuko litzateke, Gobernu osoak eta komisioak jaso zituzten goi-kargu eta diputatu guztiek dimitituko lukete, eta hauteskunde orokorrak deituko lirateke berehala". Escolarrek ez du uste, dena den, halakorik gertatuko denik. Bere hitzetan, delitu fiskalaz gain badaude ustezko delitu gehiago: "Barregarria da pentsatzea enpresariek ez zutela deus jasotzen politikariei komisioak emateagatik. Baina eroskeria kasuak frogatzea askoz ere zailagoa da".