argia.eus
INPRIMATU
Barbados errepublika bihurtu da, Ingalaterrako monarkiari agur esanda
  • Sandra Mason izendatu dute lehen presidente, estatuburutzatik Ingalaterrako Elizabeth II.a kenduta. Azaroaren 29 gauerdian egin dute ekitaldia Bridgetownen, gaur bete baitira 55 urte independentzia lortu zuenetik.

ARGIA @argia 2021eko azaroaren 30

396 urte egin ditu Ingalaterraren agintepean Karibeko 300.000 biztanleko irlak: 1966an independentzia lortu zuen, baina Commonwealth barruan egon da gaur arte, Ingalaterrako monarkia estatuburu izanik.

 

Irlako herritar gehienak jatorriz afrikarrak dira (%91 da beltza eta %4 zuria): izan ere, Ingelesek 1625ean irla beren menpe hartu zutenean, oso biztanle gutxi bizi zen eta azukrea ustiatzeko zuen gaitasuna zukutzeko 600.000 esklabu eraman zituzten esku-lanera. Blacks Lives Matter mugimenduak salatu du Ingalaterrako monarkiak esklabutzarekin lotura estua izan zuela. 1833an abolitu zuten esklabotza.

Bake irudia

Gatazkarik gabeko dibortzioa irudikatu du Ingalaterrako koroak, eta Charles Mountbatten-Windsor Elizabeth II.aren semeak parte hartu du bertan. Izan ere, bi aldeek jarraitu nahi dute Erresuma Batuko turismoa irlara bideratzen. Charlesek "esklabotzaren izugarrikeria" izan du mintzagai baina horrek ez ditu barbadostar denak asetu. David Denny Bakearen aldeko Mugimendu Karibearreko idazkariak adierazpen hauek egin ditu, The Guardian hedabideak jaso duenez: "Ez da dirua eskatzen duguna. Barkamenak eta laguntza zehatzak exigitzen ditugu, erreparazioa beharrezkoa baita gure gizartea eraldatzeko".