argia.eus
INPRIMATU
Urteaga-Urkulegi baserria
Barazki, fruitu eta haragi, dibertsifikazioa ekoizpenaren oinarri
  • Itsason (Gipuzkoa) elkarren ondoan dauden bi baserri dira Urteaga eta Urkulegi, duela zenbait urte elkartu eta proiektu bateratua martxan jarri zutenak. “Bi baserriak elkartu eta ekoizpen proiektua abiatu genuen, eta 2011tik dedikazio osoarekin ari naiz honetan”, azaldu du Gorka Sasieta Barrenetxea proiektuaren bultzatzaileak. Albaitaritza ikasketetan animalia ekoizpenaren adarra egin zuen goierritarrak, eta ikasketak bukatutakoan argi zuen baserrian bizi eta lan egin nahi zuela. Urretxu-Zumarragan kontsumo taldea martxan jarri zuen eta barazkiak ekoizten hasi zen orduan.

Garazi Zabaleta 2025eko urtarrilaren 13a

Urkulegikoa da Sasieta, eta beti izan du lotura baserri munduarekin eta nekazaritzarekin. “Ikasketa garaian kalean bizi izan ginen, baina familiaren baserriarekin harreman estua beti izan dugu”, dio. Modu profesionalean izan ez arren, baserriko aktibitateari eutsi izan dio beti, 2011n jauzia ematea erabaki zuen arte. “Ekoizpen moduari begira, baserriko lehengo aktibitatearekin segitzea izan zen, baina pixka bat hazita”, azaldu du. Izan ere, aurrekoek egiten zutenaren antzeko moduan, ekoizpen dibertsifikatua dute gaur egun Urteaga-Urkulegin: baratzea, fruta-arbolak, behiak… “Gure lan egiteko moduarekin ezinbestekoa da dibertsifikatzea, baratzea eta ganadua elkarrekin doaz, simaurrarekin ongarritu ahal izateko, adibidez. Eta lan kargari begira ere, urtean zehar jarduera desberdinak egitea orekatuagoa iruditzen zait”, gehitu du.

Sasietak azaldu duenez, dena den, baratzea da proiektuko aktibitate nagusia. Eredu ekologikoan ari dira hasieratik, kontsumitzaileari eskaintzen dioten produktua zaintzeko eta lurra kaltetu gabe lan egiteko modu bakarra dela sinetsita. Barazkiak kontsumo taldean astero banatzen dituzte saskien bidez eta inguruko denda eta jatetxeetan ere bai. “Goierrin martxan jarri den Biziola kooperatibaren bidez ere saltzen dugu”, gehitu du.

Nekazariak batzeko beharra

Fruta-arbolak eta fruitu txikiak ere badituzte Urteaga-Urkulegin, eta zukua ekoizten dute horiekin. “Sagarra dute oinarrian zukuek, baina bestelako nahasketak ere egiten ditugu: madariarekin, fruitu txikiekin, sagarra masustekin edo kiwiarekin nahasita…”. Momentuz, Zaldibiako Goizane zentroan egiten dituzte eraldaketak, nahiz eta baserrian bertan eraldaketa gune txikia prestatzen ari diren, aurrera begira zukua etxean ekoizteko.

Haragitarako behietan, zazpi ama dituzte baserrian, eta txekor haragia Goi Eko Haragia proiektuaren bidez saltzen dute. “2014an elkartu ginen Goierrin ekologikoan ari ginen lau haragi ekoizle, ereduari ikusgarritasuna emateko asmoz. Lanketa taldean egitea egokiago ikusten genuen”, dio. Gaur egun sei lagun ari dira proiektuan, eta loteetan saltzen dute haragia hurbileko merkaturatze bideak erabilita. Proiektu horretan bezala, eskualdean nahiz Euskal Herri mailan nekazari eta abeltzainen arteko aliantzak ezinbestekoak direla defendatu du Sasietak. “Biolurreko kide ere bagara, EHKOlektiboan ere bagaude… eremu guztietan lankidetza bultzatu nahi izan dugu beti”, dio.