argia.eus
INPRIMATU
Barazki bizidunak
Barazki ekoizpen proiektua Berrobin
  • Nekazaritzarekin harreman estua izan du betidanik Barazki Bizidunak proiektuko Iñaki Garcia Grijalbo Mapik. Bizitzaren paradoxak, gaur egun saltoki handi baten aparkalekua den lursailean zuten baratzea garai batean etxekoek Donostiako Intxaurrondo auzoan. “Saltokiaren eta bariantearen eraikuntzengatik galdu genituen baratzea eta baserria, baina zaletasuna beti mantendu nuen”. Hainbat lanbidetan aritu eta gero, Tolosara bizitzera etorri zenean jakin zuen baratzegintza ekologikoan ari ziren batzuk laster jubilatzekoak zirela. Nekazaritza ikasketak egin eta Berrobiko barazki ekoizpenaren eskualdaketa egin zuten 2011n.

Garazi Zabaleta 2024ko irailaren 16a
Argazkia: Tolosako Azoka.

Barazkiez gain, loreak ere ekoizten zituen nekazari gipuzkoarrak hasierako urteetan, baina 2018an kazkabar jasak loreen beirazko negutegia eta azpiegitura suntsitu zizkion. Geroztik, barazkiak ekoiztera bideratu du proiektua Mapik: “Hemengo betiko barazkiez gain, barietate bereziagoak sartzen ere saiatzen naiz, hala nola kalea, radicchioa, mizuna, eta jatorri txinatarreko beste zenbait barazki”, azaldu du. Horietako asko, gainera, hazitik egiten ditu ekoizleak: “Zailagoak direnak erosi egiten ditut, baina saiatzen naiz landare asko neroni egiten, hazitegian. Gutxiago gastatzen dut, eta ekoizpen prozesuaren gaineko kontrol handiagoa dut”. Tolosaldean eredu ekologikoan aitzindarietako batzuk izan ziren aurreko ekoizleak, eta bide beretik jarraitu du lanean Mapik, bere jardunean mimo eta ilusioa jarrita.

Tolosako azoka, salmenta gune nagusia

Zuzeneko salmenta egiten du Barazki Bizidunak proiektuko kideak, eta horretarako, bi bide nagusi ditu: Tolosako azoka eta etxez etxeko banaketa. “Barazkiak hozkailutik pasa gabe, freskoan eta ahalik eta denbora tarte laburrenean saltzea da helburua, produktuaren balio organoleptikoak eta nutrizionalak ez galtzeko”, dio. Larunbatero jaisten da Tolosako azokara, baina, astean zehar, sare sozial bidez martxan duen taldean jasotzen ditu eskaerak. “Zerrenda bat bidaltzen diot talde horretako jendeari, ze barazki ditudan adieraziz, eta haiek eskaera egiten dute, helbidea ere zehaztuta”. Astelehenetan jasotzen ditu eskaerak, eta asteartetan egiten du banaketa.

Nekazarien mugimendu eta sareetan ere parte hartzen du Mapik. Besteak beste, Biolur, Gilbe –lorazale eta barazkigileak– eta Bagea –Baserritar Gazte Elkartuen Auzolana– elkarteko kide da. “Nekazaritzan jarduteko geroz eta oztopo eta eskakizun gehiago ditugu, araudiak zorrotzak dira, eta behartutako digitalizazioarekin ere sektorea sufritzen ari da. Azkenean, baratzeko lanak bezainbeste denbora hartzen digute TicketBAI sistemak eta antzeko paper kontuek, eta ekoizle asko ari gara galtzen eskakizunak bete ezinik dabiltzalako”, salatu du.