Anhauzeko lursail batean frutarbolak eta landare usaintsuak landatu zituen 2017an Miren Harignordoquyk eta horietatik ateratakoekin izozkiak egiteari ekin dio udaberri honetan. Esnekirik eta gehigarririk gabe egiten ditu izozki ekologikoak. Horrela sortu da Milika proiektua.
Gaztetatik laborantzari lotutako ikasketak egin zituen Miren Harignordoquyk, eta lurrarekin harremanean egon da gerora ere: “Euskal Herriko Laborantza Ganbaran aritu nintzen teknikari lanean, eta hortik hasi nintzen laborantzan plantatzeko ideiarekin bueltaka”, dio. Hainbat etxaldetan bere burua frogatu eta zenbait ikastaro egin ondoren, azkenean, 2017an bere proiektua abiatzea erabaki zuen: Anhauzeko lursail batean frutarbolak eta landare usaintsuak landatu eta horietatik ateratakoekin izozkiak egiten hasi da. Horrela sortu da Milika proiektua.
Zuhaitzak eta fruitu txikiak landatu zituen Anhauzeko lursailean Harignordoquyk, eta orain hasi da horietako zenbaitetik fruituak jasotzen. “Gure eskualdean fruitu ekoizle gutxi da, eta nik gainera eraldatu egin nahi nuen, ez fruitu gordina eskaini. Erreximentak egiten dituztenak badira inguru hauetan, eta beste zerbait nahi nuen proposatu”. Han-hemen kuxkuxeatzen ibili eta gero bururatu zitzaion fruituekin izozkiak egiten has zitekeela. “Iaz hasi nintzen lehen fruitu txikiak jasotzen: masustak, mertxikak, pikuak...”. Hozkailuetan sartu eta udaberri honetan ekin dio fruitu horiekin izozkiak prestatu eta saltzeari.
Ekoizpen ekologikoan dihardu Anhauzeko laborariak, osasunarentzako eta ingurumenarentzako errespetuz ekoitzi nahi duelako. Eta bere izozkiek badute ohikoetatik ezberdintasunik: “Esnekirik gabe egiten ditut izozkiak, eta inolako gehigarririk ere ez dut erabiltzen”. Fruituak, ura, eta azukre pixka bat darabil izozkiak egiteko, ez besterik. “Hozkailutik fruitua atera, hezurra eta azalak kendu, xehatu eta fruitu purea ateratzen dut. Horri ura eta azukrea gehitu eta izozkia egiteko tresnara doa”. Ohiko izozkietan egonkortzaile ugari erabiltzen dira testura eta iraunkortasuna lortzeko, horiei guztiei uko egin die.
Ekoitzi, eraldatu eta saldu, prozesu osoa berak egiten duela azaldu digu. “Izozkien zati bat zuzenean kontsumo taldeen eta AMAPen bidez saltzen dut, eta beste partea etxe ekoizle, saltoki edo biodenden bidez”. Inguruko kontsumo taldeekin duen harremanaz gain, Idoki Euskal Herriko Etxe Ekoizleen Elkarteko kide ere bada, eta fruituzainen taldeetan ere parte hartzen du. “Lurraldean badira elkarte eta mugimendu anitz, ene maneran parte hartzen ari naiz eta proiektua garatzeko haien laguntza ukan dut”. Etxaldean bertan ekoizten aritzeaz gain dinamika horietan parte hartzea garrantzitsua dela uste du. Lehen uda izanen du aurtengoa, eta jendeak bere izozkiak dastatzeko gogobeteta dago.