Sarako Nicolas Chretien dago Hiru Xilo baratzegintza proiektuaren atzean. Urtarrilean hasi zen baratzea lantzen, eta martxoaren hasieran ekin zion ekoitzitako produktuak merkaturatzeari. “Banuen formazioa baratzegintzan, baina orain arte honekin zerikusirik ez zuten lanetan aritu naiz”, azaldu du. Txikitatik maite izan du baratzegintza, dena den, eta pausoa emateko erabakia hartu du. Saran du lursaila, eta baratzea eta fruta arbolak jarri ditu bertan, eredu biologikoan.
Nekazaritza tradizionala egiten du Hiru Xilo proiektuko ekoizleak, bere inguruan betidanik ekoitzi izan diren gauzak: letxuga, tomatea, beterrabak, aza, tipula… Baratzeaz gain, udazkenean fruta arbolak ere landatu ditu lursailean, batez ere ahabiak: “Txikiak dira oraino, hemendik bizpahiru urtera hasiko dira fruituak ematen”, azaldu du. Hiru hektareako lursailean sartu ditu fruta arbolak; momentuz, alokairuan ditu lurrak.
Hasieratik, argi zuen ekoizle saratarrak eredu ekologikoan arituko zela. “Baratzegintzan nahiko zabalduta dagoen eredu batean aritu nahi nuen, kanadar batek, Jean-Martin Fortierrek garatutakoan. Biologiko intentsiboa esaten diogu”, azaldu du gazteak. Biologikoa eta intentsiboa, kontrako kontzeptuak irudi dezakete lehen kolpean, baina permakulturaren mundutik datorren eredua da aipatutakoa, frantsesez maraichage sur sol vivant deitzen dutena. Lurreko bakterioen aktibitate biologikoaren intentsitateari egiten dio erreferentzia izenak, eta laborariak ez du goldearekin edo antzeko tresnekin sakoneko lur-lantzerik egiten. Lurreko xixare eta mikroorganismoei uzten zaie haien lana egiten, toki txikian lur aberatsa eta ekoizpen handia lortzeko.
Etxe ondoan du lursaila saratarrak, eta ekoizpenaren zati handiena hor bertan saltzen du, zuzeneko salmenta bidez. “Astean hiru egunetan jartzen naiz zuzeneko salmenta egiten, etxean bertan”, dio. Hurbileko zenbait jatetxek ere erabiltzen du bere produktua. “Momentuz oso pozik nago, eskaera badago eta ez zait zaila egiten produktua saltzea”, gehitu du gazteak.
Proiektua abiatzerako orduan, Euskal Herriko Laborantza Ganbararekin harremanetan izan da ekoizlea, eta paper kontuekin eta baimenekin laguntza handia eman diotela dio. Horrez gain, Biharko Lurraren Elkarteko kide ere bada ekoizlea. “Formazioak egiten ditut haiekin, aholkuak ematen dizkidate… sarean harremanetan egotea garrantzitsua da, eta aski kontent naiz, esperientzia ona ari da izaten”, amaitu du.