argia.eus
INPRIMATU
Baratze kolektiboak ezagutzeko aukera Ekogunean larunbatean
  • Donostiako Ekogunea parkeak gerturatzen den orori zabalduko dizkio ateak urriaren 18an. Ume, gazte zein familientzako tailerrak, bisita gidatuak eta zozketak izango dira goiz osoan zehar.

Nerea Ibarzabal Salegi 2014ko urriaren 17a
Urriaren 18ko Udazken Festan izango diren ekimen guztiak irekiak eta doakoak izango dira. (Arg: www.ekogunea.net)

Joan den udaberrian Ekogunean Baratze Parkea abian jarri zenetik, bertan egokitutako 160 lursailetan Donostia, Hernani eta Lasarteko baratzekideak aritu dira lanean. Larunbatetik aurrera, ordea, publiko orokorrak ere parkeko ekimenetan parte hartu ahal izango du.

Baratze Eskolan bisita gidatuak, tailer eta ikastaroak, ikastetxeentzako hezkuntza programa berezia eta beste hainbat ekintza eskainiko ditu topagune horrek urte osoan zehar.

Urriaren 18ko Udazken Festan izango diren ekimen guztiak irekiak eta doakoak izango dira:

 

10:30-13:00: Baratze Eskolara bisita gidatuak.

10:30-15:30: Ekobira kontsumo jasangarriaren azoka.

11:00-13:00: Argazki maratoia (10-16 urte bitartekoentzat).

11:00-14:00: Tailerrak: udazken eta neguko baratzaren plangintza.

11:00-14:30: Hip Hip Urri: Txori-jantokiak (3 urtetik gorako haurrak dituzten familientzat).

11:00-14:30: Berba gunea

12:30-14:00: Dora Salazarren  “Mujer árbol” eskulturaren inaugurazioa.