argia.eus
INPRIMATU
Zabalortu
Baratze kolektibo eta ekologikoak Gasteizko Zabalganan
  • Duela hamar urte inguru sortu zen Gasteizko Zabalgana auzoa, eta bertako auzokide talde baten ekimenez bost urte geroago jarri zuten martxan Zabalortu proiektua: “Baratze ekologiko eta autogestionatua martxan jartzea hasieratik genuen buruan, eta Udalarekin adostuta lur eremua lortu genuen duela bost urte”, dio Gorka Perea Salazar proiektuko kideak. Horrela hasi zen auzo-baratzea lehen pausoak ematen, eta orain, auzotarrei Zabalortu txiki gelditu zaienez, egitasmo berri bat sortzeko bidean daude: Ortubi. Udalak ez dio auzoaren eskaerari erantzunik eman oraindik, ordea.

Garazi Zabaleta 2020ko urriaren 08a

Hasieratik lagun talde nahiz elkarte ugari batu ziren Zabalortu proiektura, eta guztira 60 lur eremu lantzen dituzte auzo-baratzearen esparru zabalean. “Zabalortu elkartea izan zen lur eremu zabala kudeatzeko Udalaren lehiaketara aurkeztu zen bakarra hasiera hartan”, azaldu du Pereak. Gutxienez bost pertsonaz osatutako taldea izatea eskatzen du elkarteak lursailak esleitzerakoan, eta hainbat irizpide dituzte kontuan: elkarte soziala izateak edo auzoko biztanle izateak, esaterako, puntu gehiago ematen dizkie lurra landu nahi dutenei.

Bertan lanean ari diren 60 taldeek badituzte bete beharreko baldintza batzuk ere: eredu ekologikoan ekoitzi beharra dute, inongo kimikorik erabili gabe: “Zabalortuko proiektuan parte hartzeko formazioa minimo bat jasotzea ezinbestekoa da gaur egun, eta borondatezko ikastaro asko ere antolatzen ditugu”. Ikastaro ofizialez gain, baratzea egiten duten taldeen eta auzokideen artean sortzen diren harremanek eta partekatzen dituzten ezagutzek asko aberasten dute egitasmoa, bultzatzaileen arabera.

Ortubi proiektua martxan jartzeko deia udalari

Azken urteotan auzo baratzeak hartutako martxa ona eta eskaera bazegoela ikusita, proiektu berri bat abiatzea erabaki zuten auzokideek: Ortubi baratzea. “Gasteiz Hobetzen programaren barruan, proiektu ezberdinentzat eskaintza egiten da, eta bertan hiritarrek Ortubi proiektua aukeratu zuten 2018an”. Proiektu honek Zabalgaina auzoko Orinbizkarra inguruan beste baratze autogestionatu bat sortzea du asmo, Zabalortu txiki gelditu dela-eta.

Bi urte daramatzate Zabalortuko kideek Gasteizko Udalarekin hizketan eta egitasmoa plazaratzen, baina Udalaren partetik inolako urratsik ez dela eman salatu dute: “Udalak daraman ekologiaren inguruko ardatz estrategikoaren baitan, ez dugu ulertzen Ortubi bezalako proiektu bat, kostu gutxikoa eta errentagarritasun handikoa, martxan ez jartzea”. Horregatik, herritarrek bozkatutakoari lehenbailehen erantzuna eman eta Zabalganako auzoari beste baratze esparru bat esleitzeko eskatu diote Udalari.