argia.eus
INPRIMATU
Baratxuriak bai ala bai: burua ez bada hostoa
  • "Baratxurie urte guztiko janarie” esaera jaso zuen Gotzon Garate Goihartzun zenak Unanuko Algarteko Etxean. Baratxuria edo berakatza edo beratxa edo betatxa edo Allium sativum. Gure gazte denboran baratxuriak burua egin eta, lehortutakoan, atalez atal jaten zen. Ez zen, gure inguruan behinik behin, baratxuri landare berdea, freskotan jateko ohiturarik. Ezta berakatz-aieta ere, hau da, umotu gabeko berakatz atala, edo gure etxean esaten zaion bezala baratxuri alea ere. Beti lehortutakoa, baratxuri zopa edo pilpilada prestatzeko erabiltzen dena bezalakoa.

Jakoba Errekondo 2021eko otsailaren 04a

Iruñeko Sanferminak izaten ziren baratxuri uzta berriaren agertokia; garaitsu horretan azaltzen ziren urte osoan gure platerak gozatuko zituzten baratxuri-buruak kordatan txirikordatuta edo adastuta. Korda edo sorta, soka, hari, txorta, txirikorda, zarta, oko, sarta, adats, borka, morka, porka, borkila, mulko, mordo, golko, mortxokada, adalko edo mustrika. Jai haietatik bueltan etortzen zirenak lepoan hartu eta soinaren alde banatara baratxuri sorta zutela etxeratzea ohikoa zen.

Euskal Herri hezean baratxuria gaizki burutzen da. Oso baratze bakanetan ikusiko dituzu tajuzko buruak. Lehorzalea da, lur zakar, harritsu eta elkorrak maite ditu; ez behintzat ongarriz lepo dauden lur emankor jori gizenak. Mediterranear isurialdeko lurretan oparoago etortzen da.

Iparralderako isurian hezetasuna nagusi da eta lurrari ongarri gehiago emateko ohitura dago. Bi baldintza horiek dakarte gaitzak etxean bezala eta aldiz baratxuria arrotz eta ahul sentitzea. Ongarri putzuak landareari hazteko aukera ematen dio, azkarregi hazteko, eta horrek hostoak erkinik eta kadenik luzatzea dakar, hezetasunak puztu eta sustatutako perretxikoek sortutako gaitzei aurre egiteko ezgauza.

Baratxuriak nozitzen duen gaitz arruntena herdoila da, berea duen herdoil jakin bat: Puccinia allii. Allii horrek dio baratxuriarena dela (Allium sativum).

Hostoetan orban borobil arre-laranja-gorriak sortzen ditu, eta aise ugaldu eta hedatzen da. Hostoak ihartu egingo dira, eta burua osatu ezinik eskas delarik helduko da. Baratxuri zuriari moreari baino errazago erasotzen dio herdoilak.

Baratxuriak hotza maite duela ere esaten da. Agi danean, hotz horrek eransten dizkio udaberrian burua egiteko grina, baita dastan hartzen duen mina. Esan ohi da min horrek babesten duela gaitz eta izurriteengandik. Beraz, hezetasunak gutxitxo eta Euskal Herri atlantiarrean izan ohi dugun negu pattalak ere ez du batere laguntzen.

Eta zer egin? Ba baratxuria freskotarako, berdetan hostajea jateko jarri. Burua osorik landatu eta atal bakoitzak bere landaretxoa sortuko du, sorta polita emanez. Oraintxe da landatzeko sasoia. Besterik ezean, loreontzian ere ederki etorriko zaizu. Burua bezala ez da urte osoko janaria izango, baina udaberria behintzat poztuko digu. Badakizu, libidoa pizten duela eta afrodisiakoa dela diote. Zakilixutek zein barietate landatzen ote du, zuria ala morea?