UPNk gidatzen duen Barañaingo Udal Gobernuak kirol zerbitzuko administrari lanpostuan euskararen eskakizuna desagerrarazi du, eta orain ez da euskaraz arretarik ematen.
Barañaingo hainbat kirolari euskaldun eta euskaltzale bildu dira udalak kirol arloko euskarazko arreta bukatu dela salatzeko. Erabaki horren ondorioz "udal zerbitzu honetan ere, udalak herriko bizilagun euskaldunok bigarren mailako herritarrak" bezala hartzen dituela azpimarratu dute.
Gogoratu dutenez, 2021era arte kirol zerbitzuko administrari lanpostuak euskararen ezagupen eskakizuna zuen langile elebidun batek arreta ematen zuen. "UPNk, garaian NA+k, beste hainbat lanposturekin batera euskara ezagupenaren eskakizuna kendu zion lanpostu horri. Orain, langile berria sartu da lanpostu horretara, eta euskararen ezagupena eskatzen ez denez, langile elebakarra da eta ezin du euskaraz arretarik eman", salatu dute.
Euskarafobia
Zabaldu duten manifestuan UPNren "jarrera euskarafoboa" salatu dute, eta nabarmendu dute aldaketa hauek "udal zerbitzuen kalitatean galera" dakartela. "Gainera, neurri hau Barañaingo euskara ordenantzaren kontra doa, honen helburua “Barañaingo bizilagunek udal zerbitzuak euskaraz izan ditzaten bermatzea” delako. Gainera, ordenantza honi jarraikiz, Nafarroako Auzitegi Administratiboak Barañaingo Udalak hartutako antzeko neurriak atzera bota zituen, Lagunakeko eta Kultur Etxeko atezainena besteak beste", gogoratu dute.
Barañaingo kirolari euskaldun eta euskaltzale talde honek adierazi du "irmoki" defendatuko dutela "Barañainen, aisialdian, hezkuntzan, lan eremuan, kirola egitean, zein udalarekin harremantzerakoan euskaraz" egiteko eskubidea.