Barañaingo Alaitz institutuko 26 ikasle batxilergoko zerrendatik kanpo gelditu dira, Nafarroako Hezkuntza Sailak gela bat murriztu duelako. Murrizketa salatzeko mobilizazioa egin dute.
Barañaingo gurasoen ordezkaritzak ondokoa salatu du: "Jakin genuenetik murrizketa egingo zutela, maiatzaren hasieratik, mobilizatzen hasi ginen egoerari buelta emateko. Erabakia injustua iruditzen zaigu. Aurreko ikasturtean eskaria oso handia izan zen (23 bertako institutuko ikasle eta institutu kanpotik zetozen 30 berri), baina gela baten murrizketaren erabakia izen-ematearen dataren ondoren hartu zuten”.
Hezkuntzako eta Barañaingo Udaleko taldeekin bildu ondoren, kexa Nafarroako Arartekora bideratu zuten. Hala ere, Hezkuntza Sailburu Carlos Gimenok ikasgelaren murrizketa babestu zuen, eta gainera, salatu dutenez, "datu okerrak" eman zituen. Kaltetuak izan diren 26 ikasle horiek inguruko “ikastetxeetan” kokatu dituzte. Gurasoak haserre agertu dira Gimenoren jarreragatik: “Arazoa ez da dirua xahutu izana edo institutu bati gehiegizko garrantzia ematea Hezkuntza Sailak adierazi zuen bezala, baizik eta, hezkuntzan murrizketak ez egitea. Hori da gertatu dena.”
Asteartean PSNren egoitzan elkarretaratzea
Nafarroako Gobernuak orokorrean D ereduari jartzen dizkion trabak salatuko ditu Euskararen Defentsarako Sareak. Argi dute gobernua “edozertarako prest” dagoela “euskararen kontra” jotzeko. Horregatik, elkarretaratzera deitu dute uztailaren 2an, 12:00etan, Iruñeko PSNren egoitzaren aurrean, “Oibarren euskaraz, D eredua Nafarroa guzian” lelopean.