Jende katea eraikiko dute gaur 19:00etan Barañainen, Nafarroan. Ezkutatuta dauden Luis Goñi eta Xabier Sagardoi euskal gazteen aldeko harresia da, eta Goñik berak ere zabaldu du bideoz, parte hartzeko deia.
Kilometro eta erdiko katea egin eta 1.500 pertsona elkartzeko helburua dute; Barañaingo Limitetik 19:00etan hasi eta Gaztainondo plazaraino. Eleak mugimenduak antolatutako ekimena da.
Ezkutalekutik sareratutako bideoa
Ateak Ireki-k zabaldu zuen atzo Luis Goñik bidalitako bideoa. Bertan, gaur burutuko den jende katea osatzeko deia zabaldu du. Eskerrak eman dizkio lehenik eta behin babesa eman dien jende guztiari. Azaldu du, beren egoera salatzeko eta militantziarekin jarraitzeko ezkutatu direla. Gogorarazi du hemendik gutxira beste 200dik gora euskal herritarrek pairatuko dutela egoera.
“Eraikitzen diharduen herri harresiarekin jarraitu behar dugu, harresi apurtezin bat osatu arte”, esan du, eta Barañainen zabalduko den harri bat erakutsi du; mezu bat daraman harria.
Akelharresia
Irailaren 27an Nabarrerian, Iruñean, ospatuko dute Akelharresia, solstizio aldaketa aprobetxatuz. Datorren hilean hastekoak diren makro-epaiketak salatzeko eta epaituko dituzten Iruñerriko herritarrei babesa emateko ekintza izango da.