Orain arte proposaturiko proiektuentzat topaketak "inflexio puntu" izatea nahi dute. Ildo bakoitzak aurkezturiko 18 proiektuei ekarpenak egin zizkieten larunbatean Bilboko KRML espazio autogestionatuan.
Gazteok Eraikitzen dinamikak bultzaturiko Euskal Herriko gazte mugimenduaren topaketek badute jada lekua eta data: Barañainen eginen dituzte, abenduaren 9, 10 eta 11n. Larunbatean Bilboko KRML espazio autogestionatuan bildu ziren 60 bat gazte, eta, bertan, lehendik aurkezturiko 18 proiektuei ekarpenak egin zizkieten gainerako ildoek.
Topaketak izango dira hurrengo geltokia, eta, Gazteok Eraikitzen-ek azaldu duenez, "ezinbesteko mugarri" izatea nahi dute: "Aurkeztutako proiektuentzat topaketak inflexio puntu bat gehiago izango dira. Topaketa ez da ezeren bukaera, bidaiaren beste hasiera bat da".
Aterako diren proiektuak finantzatze aldera, crowfunding kanpaina bat jarriko dute laster abian.
Hilabeteak pasa dira Añorgako Firestone Fabrika okupatuan gazte mugimenduko espresio desberdinak batu ginenetik. Helburu bakar bat eta zabal bat buruan: inork askatuko gaituenaren esperoan egoteari utzi eta gazte mugimenduak elkarlanean eta autogestioaren bideari ekiteko ‘Gazteok Eraikitzen’ dinamika jarri genuen martxan.
Gazteok zapalkuntza berezitu bat pairatzen dugun heinean, problematika propioak dauzkagu. Horregatik, gazte bezala aurre egiteko borrokak martxan jartzea ezinbestekoa da. Sistemak eskaintzen digun prekarietatea jan edo gure kabuz bidea ekin.
Firestoneko ilusio txinpartatik hamaika borroka jarri ziren martxan. Bakoitzak nahi zuen ildotik, bere behar eta nahietatik antolatuta. Herri desberdinetako jendea ezagutu, esperientziak trukatu eta talde dsberidnetan bidea hasi genuen. Sorkuntza, lana, komunikazioa, kirola, jai eredu herrikoiak, feminismoa, euskara, etxebizitza, elikadura burujabetza, hezkuntza, autodefentsa... bazegoen non aukeratu!
Ildo hauek trasbertsalak zirela hasunartu genuen. Hau da, borroka orotan kontuan izan beharrekoak zirela. Feminismoa, euskara, komunikazioa, autodefentsa… denak dira beste zerbaiten oinarri, helduleku.
Ildo bakoitzetik proiektu desberdinak jarri ziren martxan ikasturte oso bateko lanaren ostean. Gazteok problematika bete-betean iraultzeko asmoz. Proiektu hauek dira gaurko egunez Bilboko KRMLbizirik! espazio autogestionatuan aurkeztu ditugunak. Orotara, gazte mugimendu ezberdinetako 60 bat gazte elkartu gara. Hala ere, ehundaka gara ildo zein proiektuen osaketan inplikatuta gauden gazteak. Izan ere, Euskal Herriko bazter guztietan garatzen ari den prozesu bat da ‘Gazteok Eraikitzen’.
Lehenago aipatutako ildo bakoitzak proiektu erreal eta alternatiboak jarri ditu mahai gainean. Ostera, hauen inguruan jaso beharreko ekarpenak zein hobekuntzetan klabeak emanaz, martxan jartzeko determinazioa hartu dugu.
Gazteraiki Euskal Herriko Gazte Mugimenduen autogestio topaketen data eta lekuak aurkeztu ditugu. Barañainen izango dira abenduak 9tik 11ra.
Dinamikatik dei egiten diogu autogestioa lanabes duten edota izan nahi duten gazte guztiei topaketetan parte hartzeko.
Gaur beste bizi eredu erreal baten aldeko 18 alternatiba erreal jarri ditugu gazteok mahai gainean. Aurkeztutako proiektuentzat topaketak inflexio puntu bat gehiago izango dira. Topaketa ez da ezeren bukaera, bidaiaren beste hasiera bat da. Proiektuei bultzada ekonomikoa emateak ere ezinbesteko garrantzia izango du, horregatik, crowfounding kanpaina bat jarriko dugu martxan aurki, beharrezko ekarpenak jasotzeko.
Albiste hau Topatuk argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.