argia.eus
INPRIMATU
Urteko lehen lan heriotzaren berri eman du Barakaldon Berrio Otxoak plataformak
  • Urtea hasi orduko jazo da Euskal Herriko lehen lan heriotza, Barakaldon. Berri Otxoak plataformak eman du ezbeharraren berri, eta jakinarazi duenez lan istripu ez traumatiko batek eragina izan da. Plataformak elkarretaratzea deitu du ostiralean gertakaria gaitzetsi, zendutakoaren lagun eta senideei babesa eta elkartasuna helarazi eta prekarietatea salatzeko.

ARGIA @argia 2022ko urtarrilaren 05a

Berri Otxoak gizarte bazterketaren aurkako eta gizarte eskubideen aldeko plataformak ohar bidez ezagutzera eman du berriki Barakaldon jazotako lan heriotza. Urtarrilaren 3an galdu zuen bizia 59 urteko langile batek, lan istripu ez traumatiko baten ondorioz, La Casa del Electricista-n lanean ari zela.

Plataformak, heriotza ezagutzera emateaz gain, elkarretaratzea deitu du gertakaria gaitzetsi eta senide eta lagunei babesa zein elkartasuna adierazteko. "Laneko prekarietateak hil egiten du, Lan istripurik ez!" lelopean bilduko dira ostiralean, 19:00etan, Barakaldoko Bide Onera plazan. Mobilizazioa baliatuko dute laneko prekarietatea eta horren ondorioak salatzeko; izan ere, azpimarratu dutenez, "lanpostu batean heriotza bat jazotzen denean eskutik doaz azpikontratazioa, prekarietatea, prebentziorako neurrien falta edota segurtasun neurrietan inbertsiorik ez egitea, aipatu gabe lehoi-antzeko produkzio eskakizunek eragiten dituzten lan-erritmo biziak edota estres egoerak".