argia.eus
INPRIMATU
Barakaldon eta Sestaon, urtebetez lindanoz kutsatutako ura kontsumitzen
  • Oiolako urtegia ur hornikuntza sarera birkonektatu zuteneko urteurrena bete zen asteartean. Sestao eta Barakaldoko milaka bizilagunek lindanoz kutsatutako ura kontsumitzen dute ordutik.

Ane Lusarreta 2014ko apirilaren 23a
Oiolako urtegiaren deskonexioaren aldeko plataformako kideak. (Arg: Barakaldo Digital)

Oiolako urtegiaren deskonexioaren aldeko plataformak egoera salatu du, eta gogorarazi du 2013ko apirilaren 22an konektatu zutela urtegia eta ordutik administrazioek ez dutela neurririk hartu, osasunarentzako arriskutsua dela jakitun badira ere. Plenoan gehiengo absolutuz ez konektatzea erabaki bazen ere, Barakaldoko alkatearen dekretu bidez erabaki zen urtegia hornikuntza sarera konektatzea.

100.000 biztanle inguru dira lindano kutsaduraren menpe daudenak. Inplikatutako instituzioen pasibotasuna eta ezikusia salatu dute bizilagunek: URA uraren euskal agentzia, Bizkaiko Ur Kontsortzioa, Barakaldoko Udala, Osasun Publikoa, Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernuaren erantzukizuna nabarmendu dituzte.

Desobedientzia zibilaz protesta

Zenbait bizilagunek, protesta modura, uraren fakturak ordaintzeari utzi zioten 2013ko udaran. Ur-konpainiek hornikuntza mozteko mehatxua egin diete familia horiei, baina hauek “beren eskubidea den ur kutsatu gabearen aldeko protestan” jarraituko dutela adierazi dute.

Europako bozetara begira

Europar hauteskundeetarako kanpaina politikoetan alderdiek Oiolako urtegiari buruzko jarrera publiko egin dezatela eskatu dute urtegiaren deskonexioaren aldeko plataformako kideek.

Martxoan Europako Parlamentuan hitza hartu zuten Sestao eta Barakaldoko bizilagunek, eta “bertan adostutakoa bete dezatela” eskatu diote alderdiei.

Herritarrei ere zuzendu zaizkie plataformako kideak, eta ostegunean, hilak 24, udaleko plenora joateko deia egin diete, eztabaidagai izango baita Oiolako uren afera.