argia.eus
INPRIMATU
Barakaldon elkarretaratzea egingo dute ostiralean, hizkuntza eskubideak defendatzeko
  • Barakaldoko Sasiburu euskara elkarteak deitu du elkarretaratzea, EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi ostean zerbitzu publikoetarako azpikontratetan ezin dela gutxieneko euskara maila eskatu. Barakaldoko 26.000 euskaldunentzat "injustizia" dela salatu du elkarteak, eta "halakorik ez normalizatzeko" mobilizatzera deitu. Elkarretaratzea ostiralean izango da, 19:00etan Bide Onera plazan.

ARGIA @argia 2023ko urtarrilaren 12a

Barakaldoko zerbitzu publikoetarako kontratuan gutxieneko euskara maila eskatzearen aurka egin du EAEko Auzitegi Nagusiak joan den astean. Euskalgintzako eragileek, eta hainbat sindikatu eta alderdik ebazpenaren larritasuna salatu dute, legez bermatuta dauden hizkuntza eskubideak urratzen dituela argudiatuta. Ostiral honetan, urtarrilak 13, elkarretaratzea egingo dute Barakaldoko Bide Onera plazan 19:00etan, Barakaldarren hizkuntza eskubideen alde. Justizia denontzat! lelopean.

Barakaldoko Sasiburu euskara elkarteak egin du deialdia, eta babesa eman dio Euskalgintzaren Kontseiluak. Azken honek irmoki gaitzetsi zuen Auzitegiaren ebazpenaren "zartakoa" eskubideen aurka. Barakaldoko Udalak helegiterik ez jartzea erabaki ostean, Kontseiluak azaldu zuen aurre egiteko arrazoiak bazeudela, "epaiak ez dituelako indarrean dauden dekretuak errespetatzen". Dekretuon arabera, baimenduta dago administrazio publikoetako zerbitzuak euskaraz bermatuta egoteko hizkuntza-klausulak ezartzea kontratuetan.

"Injustiziak normalizatzeari uko"

Barakaldoko euskaldunak ere "asaldatuta" daude, eta asteartean 50 pertsona bildu ziren bilera irekian: "Herrian 26.000 euskaldunen eskubideak urratzen dira udalaren zerbitzu publikoak erabiltzean", salatu dute. Denen artean "legea betetzeko" lana egin nahi dute, eta horretarako ekimenak abian jarriko dituztela iragarri: "Hizkuntza eskubideak defendatzeko kanpaina, urratzeen aurrean salaketak jartzeko informazioa eta bitartekoak eskaintzea herritarrei, edota TELP ikastaroekin (hizkuntza formakuntza) hastea".

"Halako injustiziak normalizatzeari uko" egitearen garrantzia nabarmendu dute, eta horretarako elkarretaratzean parte hartzera deitu. Kontseiluak gehitu du "herritar guztien eskubideak ere jokoan" daudela. 

Sasiburu elkarteak deituta bilera irekia egin dute Barakaldon. Argazkia:  @txikerretxea