argia.eus
INPRIMATU
Barakaldoko Udalak MTVri emandako dirua aitortutakoa baino handiagoa dela salatu dute
  • AEBetako multinazionalaren ekitaldia egiteko Udalak 220.000 euro publiko jarriko zituela adierazi zuen. Barakaldoko PSE-EEk salatu duenez, kopuru horri gehitu behar zaizkio doan eskaini zaizkien zerbitzuak: urriaren 29ko kontzertuan lan egiten zuten 43 udaltzainak, garbiketa zerbitzuak, herri langileen lanak eta publizitatea.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2018ko azaroaren 09a

Barakaldoko Udalak MTV kateari emandako diru-laguntza publikoa 220.000 eurokoa dela adierazi zuen Amaia Del Campo (EAJ) alkateak. Ostegunean, Barakaldoko PSE-EEk datu hori ez dela egia salatu du. Diru kopuru horri multinazionalaren urriaren 29ko ekitaldian aritu ziren udaltzainen, garbitzaileen eta herri langileen lanen kostua gehitu behar zaizkiolako, baita doan egindako publizitatea ere. Diru “asko” dela salatu dute, Barakaldoko Udalak ez duelako akordiorik sinatu multinazionalarekin, eta ez delako antolatzailea izan ere.

“Bilbori buruz besterik ez da hitz egin”,  gaineratu dute Barakaldoko PSE-EEko kideek. MTVaren etorrerak Barakaldoren irudia zabaltzeko “aukera paregabea” izango zela azpimarratu baitzuen Barakaldoko alkateak. Bada, ekitaldi nagusian Barakaldo ez zuten aipatu ere egin, ezta eskerrak ematerakoan ere. EAJk “beste behin herritarrei gezurra esan eta hauek gutxietsi dituela” adierazi dute sozialistek.

Zergarik ordaindu gabe

EH Bilduk asteazkenean salatu du MTV kate multinazionalak ez zituela azaroaren 29ko Herriko Plazako kontzertua antolatzearen gaineko zergak ordaindu, eta hori Udalak “barkatu” egin diola. Barakaldoko Udalak guztia antolatu zuenez, ez zuten baimena eskatu beharrik izan. Horregatik, koalizio abertzaleak salatu du herriaren erdigunea “interes pribatuen zerbitzuetara” eskaini zuela Udalak, MTVren jarduna “matxista eta hipersexualizatua” dela eta alkoholaren eta drogen kontsumoa “sustatu” zutela ere gaineratu dute.