argia.eus
INPRIMATU
Barakaldoko Udalak apirilean emakumeentzako gauerako aterpetxea ixteko asmoa duela salatu du Argitan-ek
  • Zazpi emakumek erabiltzen dute gaur gaurkoz emakumeen gauerako udal aterpetxea. Barakaldoko Udalak adierazi du apirilean ixteko asmoa eta Argitan Emakumeentzako Aholku Etxea benetan kezkatuta dago horrekin: "Non egingo dute itxialdia emakume hauek, horietako bi genero indarkeriaren biktima direnak? Aterpetxe mixtora itzuliko dira, zeina ez dagoen baldintza onenetan? edo zuzenean kale gorrira?".

ARGIA @argia 2020ko martxoaren 25

Argitan Emakumeentzako Aholku Etxeak martxoaren 24an hedabideetara zabaldu duen oharrean salatu du udal aterpetxea ixteko arriskua handia dela. Horrekin batera, oroitarazi du koronabirusak ekarritako egoera honetan ere emakumeen egoera dela larriena. Hasteko, behartutako asilamenduak handitzen duelako sexu erasoak eta indarkeria matxista pairatzeko arriskua. 23 urte daramatza Barakaldon lanean Argitanek, eta azken urtean indarkeria matxistako 66 kasu artatu ditu, "azken hamarkadako daturik txarrena".

Osasuna edo lana galtzeko beldur

Argitanek nabarmendu du lan baldintza kaskarretan ari diren emakume gehienek lan egiten dutela justu koronabirusaren krisian "estrategiko" diren sektoreetan: osasuna, irakaskuntza, pertsonen zaintza, edo lehengailen banaketa. Argitanek salatu du sektore hauetan "langile gehienek aurre egin behar diotela batetik osasun arrisku egoerei, eta bestetik lana galtzeko arriskuari. Pandemiari aurre egin behar diote lanean gutxieneko segurtasun baldintzarik izan gabe, gainera horrela arriskuan jarriz beren etxeko ume eta zaharrak ere, eta garraio publikoa hartu beharra dute lanera joateko, zeinetan kutsatzeko arriskua handiagoa den".

Irtenbide estrukturalak eskatu ditu Argitanek

Egiturazko irtenbideak eskatu ditu Argitan Emakumeentzako Aholku Etxeak: "Enplegu duina bermatzea, guztiontzako baldintza berberetan. Babes soziala indartzea, emakumeek bizitza duina izan dezaten egoera normaletan eta salbuespenezkoetan. Eta zerbitzu publiko, unibertsal eta dohakoak, izan haur-eskola, jangela, zaharren egoitza etea zahar-etxeak, atera gaitezen gaurko eredutik, orain emakumearen ardura baita zaintza".