Gizon bat hil eta beste bi pertsona zauritu dituzte igandean, Barakaldon izandako tiroketan. Ertzaintzak zazpi lagun atxilotu ditu –bost gizon eta bi emakume–, eta ikerketa zabalik da oraindik.
16:20an hil dute 60 bat urteko gizona, Barakaldoko Burtzeña auzoan, bi talderen arteko eztabaidaren erdian norbaitek pistola eta eskopeta atera eta tiroka hasi denean. Zaurituak, horietako bat 16 urtekoa, Gurutzetako erietxera eraman dituzte. Zaurituen hurbilekoak ospitalearen atarian bildu dira eta liskarra izan dute ertzainekin.
EiTBk jakinarazi duenez poliziak dispositibo zabala du ezarria Burtzeña auzoko Zubileta kalean, eta igande arratsaldean eta gauean zehar hainbat aldiz hartu behar izan du esku giroa lasaitzeko, tentsio uneak sortu direlako. Euskadi Irratiak Zubileta kalean bertan egiaztatu ahal izan duenez, Ertzaintzak ez dio inori uzten itxitako eremuan sartzen, eta bertatik irten nahi dutenei berriro sartzeko aukerarik izango ez dutela jakinarazten die.