argia.eus
INPRIMATU
Barakaldoko sexu-erasoarekin lotuta, beste bi pertsonak beren burua entregatu dute
  • Ertzaintzak lau pertsona identifikatu ditu eta Barakaldoko sexu-erasoaren erantzuleak direla uste du. Horietako bi entregatu dira asteazken arratsaldean, eta beste bi ostiral goizean.

ARGIA @argia 2018ko urtarrilaren 05
Erasoaren aurka Barakaldon egindako elkarretaratzea (argazkia: Herrikolore).

Iazko abenduaren 29an emakume adingabe batek jasandako sexu-erasoaren inguruko ikerketarekin lotuta, Ertzaintzak berri-agentziei informatu die ustezko erasotzaileak identifikatu dituela.

Erasoaren biktimak jarritako salaketaren ondoren hasi da polizia autonomikoa ikertzen. Azaldu dutenez, identifikatutako lau pertsonak ere adingabeak dira.

Identifikazioaren ondoren, auzia Bilboko Adingabeen Fiskaltzaren esku utzi du Ertzaintzak. Hain zuzen, Fiskaltzara joan dira identifikatutako lau lagunetatik bi, beren amek lagunduta zenbait hedabidek zabaldu dutenez. Adingabekoen zentro batean sar ditzakete orain.

Entregatu ez diren beste bi pertsonak 14 eta 17 urteko bi anaia dira.

Barakaldoko sexu-erasoak aurkako erreakzio handia eragin du Bizkaiko herrian. Bi manifestazio egin dira eta herriko ordezkari politikoek ere aho batez deitoratu dute erasoa.