Afrikako Komunitate Beltz eta Afro ondorengoen Euskadiko elkarteak (CNAAE) oharra kaleratu du. Horren arabera, urriaren 14an Mamadou Barakaldoko bizilagunak atxiloketa bortitza jasan zuen higiezinen bulego batean.
Elkarteak oharrean dioenez, Mamadouk higiezinen bulegora jo behar izan zuen alokairuan bizi zen etxean arazoak zituelako. Matxuratuta zegoen hozkailua tarteko, telefonoz moldatzerik ez zuen izan eta nahiz eta bulegokoek adierazi ez bertaratzeko maizterrak hara agertzea erabaki zuen arazoa konpontzeko.
Bulegora joaterako adierazia zioten 3.620 euro zor zituela eta hilabete horretan bertan etxebizitza utzi behar zuela. Barakaldarrak ordura arteko alokairu ordainketen faktura guztiak eraman zituen bulegora. Kaltetuak adierazi du 3.620 euroko zifra higiezinen etxeak asmatu duela.
Bulegoan sartzen saiatu zenean bultza egin zioten eta ondoren ahotsa altxatu eta Poliziari deituko ziotela esanez mehatxu egin zioten.
Barakaldarrak adierazi du poliziak higiezinen etxeko langilearen bertsioa baino ez zuela jaso. “Aizu, etxea ez bazaizu gustatzen, aldatu” esan zion poliziak, ahotsa altxatu zioten eta bulegoa itxi behar zutenez kalera ateratzeko esan zioten. Maizterrak ezetz erantzun zien, hilabete zeramala harrera egiteko zain. Hormaren kontra jarri eta askatzen saiatu zen Mamadou. Polizia gehiago iritsi ziren eta sei bat poliziaren artean atxilotu zuten. Barakaldarrak salatu du indarrez atxilotu zutela. Autoan sartutakoan “beltz kaka hori…” entzun zien behin baino gehiagotan poliziei. Miatzerakoan telefono mugikorra lurrera bota eta puskatu zioten.
Oharrak dioenaren arabera, Poliziaren aurkako erasoa egotzi diote eta ofiziozko abokatua ezarri diote.