argia.eus
INPRIMATU
Barakaldoko garraiolari bat hil da lan istripuz
  • Otsailaren 14 goizaldean hil da 52 urteko kamioi gidaria, lanean ari zela. Arabako Carnes Erdella enpresako kidea zen eta istripua Errioxako San Vicente de la Sonsierran izan da. Heriotza honekin dagoeneko gutxienez zortzi dira Euskal Herrian lanean bizitza galdu duten pertsonak.

ARGIA @argia 2022ko otsailaren 15

ELA sindikatuak nabarmendu du garraio sektoreko langile bat dela hildakoa: "Sektorean pairatzen dituzten lan-baldintza gogorrek eta enpresek prebentzio-neurrien etengabeko betegabetzeek langileen prekarietate erabatekoa eragiten dute. Sektoreko enpresetan laneko osasuna eta sergurtasuna hobetuko duten eta lege-urraketak kontrolatuko eta ikuskatuko dituzten berehalako neurrien aplikazioa ezinbestekoa da". ELAk Eusko Jaurlaritzari eskatu dio prebentzio legeak betetzen direla bermatzeko "kontrol eta jarraipen neurriak berehalakoan ezarri ditzala": "Borondate politikoa eta enpresarien behin-betiko konpromezua besterik ez dira behar lakra honekin amaitzeko, irabazi gosearen gainetik langileen osasuna eta segurtasuna jarriz".