argia.eus
INPRIMATU
Barakaldoko jaietarako eraso matxistei aurre hartzeko lanketa kolektiboa egin dute
  • Erreminta hauek zorroztu dituzte Argitan Emakumeentzako Aholku Etxeak, eragileek eta udalak: Eraso Sexisten Aurkako Protokoloa, "Jaia, gaua gureak ere badira" kanpaina, jaietako hainbat elementu matxisten lanketa eta Erasoen Aurkako Gunea.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2017ko uztailaren 07a

Barakaldoko Karmen jaietako eremua "errespetuzkoa eta eraso sexistarik gabea" izatea du helburu Argitan Barakaldoko Emakumeentzako Aholku Etxeak. 20 urte daramatza jaiei begirako lanketa komunikatiboa egiten, eta aurtengo kartelak hauxe du mezu nagusi: "Jaia, gaua gureak ere badira". Azken urteotan komunikazio kanpainari lanketa zabalagoa gehitu diote, herriko eragile anitzekin elkarlanean:

Txosna Batzordearekin jaietako elementu sexistak lantzen

Azken bi urteotan, hainbat gairi buruzko hausnarketa egin dute Txosna Batzordean: jartzen den musikak zer mezu zabaltzen dituen; txosnako lanak nola banatzen diren (emakumeak sukaldean eta gizonak barran?); ordezkaritzan gizonek duten pisua, bai karteletan, aurkezpenetan...; erabiltzen den hizkera sexista al den; edo antolatzen diren ekintzetan emakumeen parte hartzen al duten, besteak beste.

Eraso Sexisten Aurkako Protokoloa eta Topaketa In Formatiboa

Iaz Argitanek Eraso Sexisten Aurkako Protokoloa landu zuen Txosna Batzordearekin eta aurkezpena egin zuten. Argitanen uste dute agian horren ondorio dela Udalak aurten egin duen proposamena, alegia protokolo hau herriko eragile ugarirekin egitea: Udal Festa Batzordea, tabernariak, emakume taldeak... Hiruzpalau hilabetez astero bildu dira lanketa egiteko eta dagoeneko prest dute Protokoloa, oraindik aurkeztu ez badute ere. Argitan pozik agertu da emaitzarekin, espero zen bezala, eragile feministek egin dute trakzio lana bilkura hauetan eta emankorra izan dela adierazi dute.

Lanketa biribiltzeko, Topaketa In Formatiboa egin zuten uztailaren 6an. Argitaneko kideak kontatu duenez, era guztietako jendea elkartu zen bertan: udaltzainak, txosna ordezkariak, tabernariak, konpartsetako jendea, zaharren kuadriletako kideak, gizon asko... Argitaneko kideak adierazi zuen balio izan zuela indarkeria sexistari buruzko ikuspegiak kontrastatzeko, festetako estereotipoez eztabaidatzeko, paternalismoak eta epai moralak baztertzeko, eta eraso sexistak zeren ondorio diren, zer egoeratan ematen diren eztabaidatzeko.

Erasoen Aurkako Gunea festetan

Udalak proposatu eta Argitanek onartu du jaietan Erasoen Aurkako Gunea martxan izatea. Txosnagunean egongo da karpa, 20:00etatik 1:00etara irekita. Bertatik zabalduko dute Protokoloa eta informazioa, eraso sexista bati nola aurre egin, nola salatu... Jaietan eraso sexistarik badago, bertatik publikoki salatuko dutela eta mobilizazioak deituko dituztela iragarri dute. Informazio eta salaketa lanaz gain, bi ekintza ere antolatu dituzte jai giroa elikatzeko: Mikromatxismoei lotuta, "Hizkera ez sexista" tailerra batetik, eta Karaoke Feminista bestetik (abesti ezagunei hitzak aldatuta kantatzeko gonbidapena dena).