argia.eus
INPRIMATU
Barakaldoko hondakinen enpresa bat salatu du Ekologistak Martxanek
  • Barakaldoko Brutzeña auzoan hondakinekin lan egiten duen Contenedores Vascos baten aurkako salaketa jarri du Ekologistak Martxan elkarteak.

ARGIA @argia 2022ko martxoaren 02a
Argazkia: Ekologistak Martxan

Eusko Jaurlaritzaren eta Barakaldoko Udalaren aurrean hondakinak kudeatzen dituen Contenedores Vascos enpresa salatu du Ekologistak Martxan elkarteak, “osasun publikoari eta ingurumenari eragiten dieten inpaktu garrantzitsuengatik”. Enpresak 2018az geroztik, gutxienez, Burtzeñako Zortzi kalean egiten du bere jarduna, etxeen ondoan eta ikastetxe batetik gertu.

Elkarte ekologistaren arabera, enpresak emisio atmosferikoak eta akustikoak sortzen ditu, eta baita hondakin-uren isurketak eta ibilgailu astunen zirkulazioa ere. Era berean, bizitegi-gune baten ondoan dago, Burtzeña (Barakaldo) auzoaren erdi-erdian, hurbileneko etxebizitzetatik hogeitabost metrora eta ikastetxe batetik ehun metrora. Bestalde, instalazioaren zati bat urpean gera daitekeen eremuan kokatzen dela adierazi dute.

Ildo horretatik, Ekologistak Martxanek hainbat neurri eskatu dizkie Eusko Jaurlaritzari eta Barakaldoko Udalari:

1.- Adierazitako gertakariak jakinarazitzat jotzea, dagozkion lege-ondorioetarako, eta, bere eskumenen esparruan arau-hauste administratiboren bat izan badaiteke, dagokion ikerketa- eta/edo zehapen-espedientea irekitzea.

2- Bere eskumenen esparruan, legea betetzen dela bermatzeko behar diren neurriak hartzea, jardueraren kautelazko geldiaraztea barne, hala badagokio.

3- Gertakariak ingurumeneko agintari eskudunei jakinaraztea, dagozkien neurriak har ditzaten.

4- Jakinarazleari eta Ekologistak Martxan elkarteari, alderdi interesdun gisa, adierazitako gertakarien inguruan sor daitezkeen administrazio-ekintza eta -espedienteetan parte har dezatela, eta har daitezkeen erabakien berri ematea.