84 urteko andrea erail zuen bere semeak urtarrilaren 3an euren etxebizitzan. Kolpeka hil zuela azaldu dute zenbait iturrik. Astearte arratsaldean egingo dira elkarretaratzeak Barakaldon eta Euskal Herriko lau hiriburutan.
Joan den ostiralean hil zuen 60 urte inguruko semeak bere ama Barakaldoko Arrandi kaleko etxebizitzan. Gizona egunean bertan atxilotu zuten hilketa leporatuta, Barakaldoko guardiako epaileak horrela erabakita. Igande goizean deklaratu zuen epaitegian, eta egun atxilo jarraitzen du. Ertzaintzak ikerketa abiatu du kasua aztertzeko.
Ostiralean 16:30 aldera, oihuak eta eztabaidak entzun ostean, bizilagunek eman zioten abisua Ertzaintzari. Polizia gerturatu zenerako, ordea, emakumea hilda zegoen, eta indarkeria zantzuak zituen gorpuak. Emakumeak inoiz semearen aurkako salaketarik jarri ez bazuen ere, Segurtasun Sailak adierazi du gizonezkoak aurrekariak zituela indarkeria matxistagatik.
Larunbatean dozenaka lagun bildu ziren erailketa matxista salatzeko Barakaldoko Udalak deitutako elkarretaratzera. Horrez gain, hainbat izan dira Itaiak asteburuan antolatutako mobilizazioak. Astearte honetan, berriz, Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak deituta Barakaldon, Bilbon, Gasteizen, Donostian, eta Iruñean egingo dira mobilizazioak.
Barakaldon, Bide Onera plazan antolatu dute mobilizazioa 18:30ean; Donostian, 19:00etan egingo dute Bulebarrean; Bilbon eta Gasteizen 19:30ean, Arriaga antzokiaren aurrean eta Andre Maria Zuriaren plazan; eta Iruñean, 20:00etan bilduko dira Udaletxe plazan.
Euskal Herriko lehenengo hilketa matxista izan da Barakaldokoa, 2024an sei izan ziren indarkeria matxistagatik hil zituzten emakumezkoak. 125 dira 2003az geroztik gizonezkoek hil dituzten emakumeak.