Barakaldoko Ekologistak Martxaneko ordezkari legala hiri horretako 1. Instrukzio-epaitegian deklaratzera deitu dute, gaur eguerdian, higiezinak usurpatzeko delitua leporatuta. Talde ekologistak prentsa ohar baten bidez azaldu duenez, abandonatutako lursail bat berreskuratu eta baratze bihurtu izana da salaketaren jatorria.
2014ko udan, hainbat lagunek lursail bat berrerabiltzeari ekin zioten Serralta izeneko inguruan, Barakaldoko Lutxana auzoan, Ekologistak Martxanek sustatutako Herri Baratzak proiektuaren barruan. Eremua garbitu eta berrosatu ostean garaiko barazkiak landatu dituzte bertan, elkarteak azaldu duenez.
“Adin guztietako hainbat pertsonak parte hartu dute baratzean garbiketa, landaketa zein bestelako lanetan: nekazaritza ekologikoa eta elikadura burujabetzari buruzko ikastaroak, hiri baratzezaintzari buruzkoak…”, dio Ekologistak Martxanek. Auzoaren degradazioari aurre egiteko asmoz jardun dutela aldarrikatu du ingurumenaren aldeko taldeak.
Eremuan ehunka etxebizitza eraikitzeko egitasmo bat dago duela urte batzuetatik, nahiz eta aspaldian geldirik dagoen. Hain zuzen, proiektua aurrera ateratzeko sortu zen Kontzertazio Batzordea da sailaren jabea, eta harexek ipini zuen 2014ko irailean Ekologistak Martxanen aurkako salaketa. Salatzaile modura ageri da, halaber, batzorde horretako partaide den SAREB, Espainiako Estatuko bankuen aktibo toxikoak kudeatzeko sortutako sozietatea.