argia.eus
INPRIMATU
Barakaldok gaitzetsi egingo du emakume bati taldean egindako sexu erasoa
  • Igande goizean emakume bati sexu erasoa egin zion gizonezko talde batek. Gertakaria salatzeko, elkarretaratzea deitu dute ostegun arratsaldean.

ARGIA @argia 2019ko apirilaren 11
(Argazkia; Barakaldo Digital)

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak jakitera emandakoaren arabera, sexu erasoa apirilaren 7an gertatu zen Barakaldon (Bizkaia), goizeko 07:00etan. Gizonezko talde batek kaletik zioan emakume bati eraso egin zion, ukituak eginez eta dirua lapurtuz. Kaletik zioan herritar baten laguntzarekin, emakumeak erasotzaileengandik urruntzea lortu zuen.

Erasotuak Ertzaintzara jo zuen jarraian, baina polizia agenteak erasoa gertatutako lekura hurbildu zirenerako, erasotzaileak ez zeuden bertan. Inguruetan atzeman zituzten erasotzaileetako bi, eta atxilo eraman. 25 eta 26 urte dituzte. Ertzaintza gertakarien inguruko ikerketa egiten ari da, gainontzeko erasotzaileak atzemateko helburuarekin.

Elkarretaratzea

Erasoaren aurrean gaitzespena adierazteko, elkarretaratzea deitu dute ostegunean, 18:00etan Barakaldoko Herriko Plazan.

Elkarretaratzera deitzearekin batera, hitza hartu du Barakaldoko Argitan Emakumeentzako Aholku Etxeak. “Agente sozial, politiko eta instituzional ororen” ardura pertsonal eta kolektiboa exijitzeaz gain, autodefentsa feministaren aldarria egin dute, emakumeei indarkeria matxistaren aurrean erantzutera dei eginez.