Espainiako Bankuak mezu zinikoa zabaldu du: Espainiako Estatuko gazteen –30 urtetik beherakoen– etorkizunaz kezkatuta omen dago, langabezia eta prekarietatea utzi baitiete ondare gisa.
Bankuak dio damututa dagoela, pandemiak okertu egin dituelako lehendik txarrak ziren baldintzak. Ondorioz, lana aurkitzeko, etxebizitza eskuratzeko eta familiengandik emantzipatzeko zailtasunak dituzte.
Zinikoa benetan. Gazteen etorkizunaz kexatzen den bitartean, bere eremua den bankuen sektorean gertatzen dena ezkutatzen duelako. Espainiako Estatuko bankuak, hamabi urtetan 100.000 lanpostu kendu eta milioi askoko irabaziak pilatu ditu, eta orain, milaka sukurtsal itxiz, saiatzen ari da beste bankuetan 18.000 lanpostu baino gehiago kentzen. Halaber, esaten ez duena da banku horiek diru-kutxa publikoetako milaka milioi eurorekin erreskatatu dituztela, 40.000 milioirekin zehazki.
Isilik dago, baita ere, bankuak armagintzarekin egiten ari diren negozioaren aurrean, akziodun nagusietakoak baitira. Datu ofizialen arabera, industria horrek 2020an munduko errekorra ondu zuen, nahiz eta pandemia betean egon: ia bi bilioi dolar xahutu ziren armetan, aurreko urtean baino %2,6 gehiago. Espainiako Estatuak 17.400 milioi gastatu zituen, eta aurtengo aurrekontuek 21.600 milioitik gorako gastu militarra aurreikusten dute. Frantziako Estatuko gastu militarra ere ez zen nolanahikoa izan iaz: 50.100 milioi euro.
Gazteen egoerarekin halako kezka badute, bankuek beren esku dituzten milaka etxebizitzetara sarbidea eman diezaiekete, hipotekak nabarmen murriztu, exekutiboen milioi askoko bonuak kendu, erreskatearen dirua itzuli eta beren irabaziak enplegu duina sustatzera bideratu.
Zalantzarik gabe, egungo sistema kapitalista sostengatzen dutenen kexu zinikoak baino ez dira.