argia.eus
INPRIMATU
Hipoteka zergen auzia
Bankuek gobernatzen dute
  • Espainiako Auzitegi Gorenak hipoteken zergen inguruan azaroaren 5ean hartzen duen erabakia hartzen duela ere, jadanik ikusi dugu Espainiako Estatuan bankuek gobernatzen dutela, hau da, kapitalak.

Juan Mari Arregi 2018ko urriaren 23a
Carlos Lesmes Espainiako Auzitegi Goreneko presidentea urte judizialaren hasiera ekitaldian. Berak jarri zuen Luis Mari Diez-Picazo magistratua administrazioarekiko auzien salako buru. Honek "arrazoi ekonomikoak" argudiatuz eten du hipoteka zergen epaia, bankuen boterea eta Espainiar Justiziaren ziurgabetasuna agerian utziaz. (Arg.: Espainiako Defentsa Ministerioa)

Gorenak ebatzi zuen bankuek ordaindu behar dutela –eta ez bezeroek– notario aurrean hipoteka bat eskrituratzen denean ezartzen den zerga. Epaiak beherakada handiak ekarri zizkien burtsara bankuei. 24 orduren bueltan berriz ere gorantz kotizatzen ari ziren ordea… Arrazoia? Salako presidenteak pleno bat deitu zuen Gorenaren beraren irizpidea errebisatzeko, esanez sententziak ondorio ekonomiko handiak ekarriko zituela bankuentzat, burtsan hondoratzea alegia.

Beraz, Auzitegi Gorenak bankuentzat kaltegarria den epaia ebazten du; hauek erreakzionatu eta lortzen dute epaia gelditzea eta epaimahaiaren pleno bat eragitea haientzat hobeagoa baina bezeroentzat kaltegarriagoa den egoerara itzultzeko. Burtsak, pozarren, erreakzionatu eta bankuen akzioek gorantz egiten dute berriz ere. Gorenak beste pleno bat deitu du azaroaren 5erako, erabakitzeko bankuek edo bezeroek ordaindu behar ote dute zerga hori.

Jadanik berdin du azaroaren 5ean zer erabakiko duten. Bankuek euren boterea zein den erakutsi dute. Ez dute ezertxo ere galduko hipotekei ezarritako zergarengatik; modu batean edo bestean, bezeroa egin beharko da horren kargu. Bankuei zerga endosatzen badiote, ez du atzera eraginik izango eta bezeroari ordainaraziko diote komisioen eta antzeko neurrien bidez. Bankuek, kapitalak, beti irabazten dute, gai direlako beren irizpideak epaimahaiari eta gobernuei inposatzeko. Auzitegi Gorenaren epaia geldiarazita, nolako boterea duten ikusi dugu, beraiek gobernatzen dute.