“Zerbitzu publikorako bokazio argiko eta irabazi asmorik gabeko” erakunde bat abian jartzea proposatu dio ATTACek Nafarroako Gobernuari. Banku publiko horren baitan fundazio bat eratzea ere aztertu dute, CAN fundazioak Caixabanken dituen akzioak hasierako kapital gisa erabilita.
ATTACek adierazi duenez, zerbitzu finantzarioak “funtsezkoak” dira ekonomiaren jardunean, eta gizarte sozialaren garapena guztiz baldintzatzen dute. Nafarroako banku negozioen %89 entitate pribatuek osatzen dute. Hori jakinda, jarduera finantzarioa esku pribatuetatik salbu egon beharko litzatekeela nabarmentzen du ATTACek: “Banku pribatuek erakutsi dute ez direla izan gai herritarren bizi osoko aurrezkiak behar bezala kudeatzeko”.
ATTAC Frantzian sortu zen 1998an, nazioarteko sistema ekonomikoa eraldatzeko xedearekin. 2012az geroztik dihardute lanean Nafarroan. Guztira 40 herrialdeetan daude.
Herritar orok kontu korronte bat zabaltzeko eskubidea izan dezala eskatzen dute, bermeak kontuan izan gabe. Baita kaudimen handiagoa eman diezaietela aurreztaile eta inbertsiogileei. Horretarako bide demokratikoak erabili beharko direla nabarmendu dute, gardentasunean eta printzipio etikoetan oinarrituak.
Nafarroako sektore publikoko erakunde finantzario erreferentea izango litzatekeela iritzi diote. Zuzendaritza batzordea parlamentuak aukeratutako hautagaiek osatuko luketela eta beste banku publikoekin elkarlana sustatzea garrantzitsua izango litzakeela.