argia.eus
INPRIMATU
Banku etikoek hiru aldiz gehiago ematen dute banku tradizionalek baino
  • Europa osoan egindako azterketa baten arabera, azken hamar urteetan banku etikoek tradizionalen errendimendua hirukoiztu dute berezko baliabideak erabiliz. “Banku tradizionalek 100 metroko lasterketa irabazi dute, baina etikoek maratoia irabazten segitzen dute”, diote egileek.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2019ko otsailaren 14a

Banca Popolare Etica sareko finantza etikoen inguruko fundazioek –tartean da Fiare– egindako txostenak datu argigarriak eman ditu bankuen “etekinak” neurtzeko garaian. Azken hamar urteetan Europako herrialdeek 750.000 milioi euro gastatu behar izan dituzte zailtasunetan zeuden dozenaka banku porrotetik erreskatatzen: “Aldiz, ez zuten xentimo bakar bat ere erabili 23 banku etikoentzat”.

2007-2017 epealdian banku etikoek tradizionalek halako hiru eman zuten, baliabide propioak kontuan hartzen baditugu. Hala, lehenengoek batez beste urtero %3,98ko errentagarritasuna zuten bitartean, bigarrenak apenas iritsi dira %1,23ra. Globalki erreferentzialak diren hamabost bankuren datuak erabili dituzte konparaketa egiteko.

Etikoen formula klasikoa garaile: aurrezkiak bildu, maileguak eman

“Espekulazioak eta zorrak puztutako” bankuek etekin handiak lortu zituzten aurreko garaian, baina krisia etorri zenean “amaitu zen festa”. Aldiz, banku etikoek hobeto eutsi diote egoera ekonomiko berriari. Diferentzia nabarmen bat dago bien artean: etikoek betiko funtzioa egiten jarraitu dute, aurrezkiak bildu eta maileguak emanez, aldiz, banku kapitalista tradizionalek inbertsio tituluak erostera edo finantza zerbitzuak eskaintzera jo dute, espekulatzeko produktu errazagoak direlako.

Banku etikoen aktiboak, funtsak eta ondare garbia urtero %10 hazi dira, eta denera 23 banku etikoen aktibitateak 46.000 milioi euro eman du. Tradizionalek ordea aktiboen %1 galdu dute. Gainera, aktibo horien %70 kredituetarako erabiltzen dituzte lehenengoek, bigarrenek %40 baino ez.

“Pertsona aurreztaile gehienak maratoilariak dira eta euren aurrezkien balioa mantendu nahi izaten dute denboran zehar, ez dira belozistak”, ondorioztatu dute txostenean.