argia.eus
INPRIMATU
Banketxeei kalean kutxazain automatikoak edukitzeagatik tasa kobratzeko proposamena
  • Amasa-Villabonako EH Bilduk kalean kutxazain automatikoak edukitzeagatik banketxeei tasa kobratzea proposatu du Udalean, Madrilen eta Bartzelonan jadanik egiten denari jarraiki.

Aiurri aldizkaria @@Aiurri 2017ko urtarrilaren 26a

Amasa-Villabonako EH Bilduko Udal taldeak proposamen berri bat osatu eta Udalean ofizialki erregistratu du: Udal tasa berri bat indarrean jartzea da koalizio abertzale eta ezkertiarrak EAJko alkatetzaren mahai gainean jarri duen aukera. “Zehazki, banka enpresa pribatuek Villabonako kaleetan dituzten kutxazain automatikoei ezarriko litzaieke tasa berri hau, espazio publikoaz egiten duten erabileragatik. Dagoeneko Udal dezente dira kutxazain automatikoak kalean ezartzeagatik udal tasa bat kobratzen dutenak, besteak beste Madril eta Bartzelonako Udalak”.

EH Bilduren ustez, erabat bidezkoa da urtero milaka milioiko irabaziak dituzten banka enpresa pribatu hauei “gure herriko espazio publikoa erabiltzen uzteagatik Udalari diru bat ordaindu behar izatea”. 

 

Albiste hau Aiurrik argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.