argia.eus
INPRIMATU
Bankari baten heriotza
  • Espainiako finantza sistemak astinaldia jasan du bere oinarri handietako bat izan den Emilio Botin Banco Santanderreko presidentearen bat bateko heriotza dela kausa.

Juan Mari Arregi 2014ko irailaren 11

“Bankuen enperadore” deitu izan diote Botini, baita “Espainia markaren enbaxadore” ere. AEBetako Forbes aldizkariaren arabera 1.100 milioi dolarretako (846 milioi euro) dirutza pertsonala zuen. Urteroko bere soldata 3 milioi euro ingurukoa zen eta pentsio funtsa 25 milioi eurokoa.

Bere heriotzak pentsatzera eraman gaitu horretan, minarekin bezala, denak berdinak garela, aberats zein pobreak. Heriotzak eta minak berdintzen gaitu, baina heriotza aurretik izandako bizitzak ez. Heriotza bera atzeratzeko edo mina arintzeko aberatsek baliabide gehiago dituzte, eta momentua iritsita AEBetara bidaiatu dezakete soluzio bila, bere garaian Banco Vizcayako presidente Pedro Toledok, Luis Olarra enpresariak edo Iñaki Azkuna Bilboko alkateak egin zuten bezala, nahiz eta egurrezko kutxa baten itzuli ziren, Azkuna izan ezik, hau etxean hil zen.

Beraz, Botin gainerako herritarrak bezalaxe da heriotzan, baina ez da hala izan bizitzan. Bere ondasun pertsonala, soldata eta pentsioa ikusi besterik ez dago. Hain zuzen, aberats izategatik zen boteretsu eta gobernuen politikak zehazteko ahalmena zuen. Jendartean desberdintasun ekonomikoa sustatu duten politikak. Botini buruzko egunkarietako heriotza-oharrak finantzari, bankari eta enpresari handiaz mintzo dira, “bere herriarekin konprometitutako gizona”. Herri xehearen ikuspegitik, ezin ahaztu berak –eta kapitalismoaren beste ordezkari batzuek– gobernuen politikak zehaztu zituela, eta desberdintasun sozial eta ekonomiko handiagoa izaten lagundu zuela, etxegabetze, langabezia eta pobrezia gehiago izaten.