argia.eus
INPRIMATU
Bangladeshko ehungintza sektoreko milaka langile greban dira
  • Ehungintza sektoreko milaka langilek astebetetik gora dihardute greban Bangladeshen. 50 lantegi inguruk itxi dituzte ateak, eta poliziak istiluetan erabilitako indarkeriak hildako bat eragin du.

ARGIA @argia 2019ko urtarrilaren 15a

Bangladeshko esku-lan merkean oinarritzen den ehungintza industria ereduaren jasangarritasun eza bistaratzen ari dira milioika emakume Bangladeshen: soldata altuagoak exijitzeko, ehungintza sektoreko milioika langilek Dhaka hiriko kaleak hartu dituzte.

Gobernuak ehungintza sektorean soldatak igoko zituela jakinarazi zuen iazko irailean, eta 2019an sartzearekin batera gutxiengo soldata %51 igo zuen, 82,75 eurotara. 2013an Rana Plaza eraikina hondoratu eta multinazionalentzako arropa josten zuten milatik gora langile hil zirenetik, lehenengo soldata igoera da honakoa. Alabaina, igoerak oso langile gutxiren soldatari eragiten diola jakinarazi du jantzigintzako sindikatuak. Langileek 166 euroko soldata exijitu dute, eta helburu horrekin abiatutako greban dira duela astebetetik.

Hildako bat

Urte berriarekin batera indarrean jarritako soldata igoera iruzurtia iruditu, eta haserrez hartu dituzte kaleak ehungintzako langileek. Grebari bide eman dioten istiluetan poliziak gas negar-eragilea eta gomazko pilotak erabili ditu, hildako bat eraginez.

Protestak eten asmoz, gobernua soldata minimoa igotzearekin negoziatzen ari da. The Guardian egunkari britainiarrak jakinarazi duenez, igandean fabrikatzaile eta sindikatuekin bilera egin ostean, gobernuak soldata igoera berri baten berri eman zuen. Sindikatu guztiek ez dute erakutsi adostasuna, ordea.

Arropa merkeak ezkutatzen duena

Txinaren atzetik, ehungintza fabrikatzaile handiena da Bangladesh: 3,5 milioi langilek gehiengoa emakumeak egiten dute ehungintza industrian lan. Herrialdeak esportazio bidezko diru-sarreren %80 nazioarteko arropa salmentarekin lortzen ditu.

Bangladeshko esku-lan merkeak ahalbidetzen die hainbat enpresari gurean arropa merke saltzea. Inditex, H&M, Primark edota Aldi bezalako enpresek eskaintzen dituzten prezio baxuek kostu altua dute munduaren bestaldean.