argia.eus
INPRIMATU
Bangladesheko krisiaren zipriztinak hasi dira zabaltzen

Mikel Aramendi 2024ko abuztuaren 13a
Saint Martin irlaren irudi bat. Myanmarretik gertu dago, baina Bangladeshen aginpekoa da, nahiz subiranotasuna eduki.

“Gorpu-prozesio bat ikusi behar ez izateko dimititu dut. Ikasleen gorpuen gainean boterera iritsi nahi zuten, baina ez nuen onartu, lehen ministro kargua utzi nuen. Boterean jarrai nezakeen Saint Martin uhartearen subiranotasunari uko egin izan banio eta Estatu Batuek Bengalako golkoa menderatzea baimendu izan banu. Gure herriari eskatzen diot erradikalek ez dezatela manipulatu”.

Abuztuaren 5ean agintetik kendu eta erbestera joanarazi zuten Sheikh Hasina Wajid, luzaro Bangladesheko lehen ministro izan denaren adierazpenak dira, Indian eginak, bere herrikideei zuzenduak –baina indiar hedabideek haizatuak–.

Utz dezagun beste baterako bere eraispenaren nondik norakoaz lehen esaldian dioenaren sinesgarritasuna ebaztea. Eta esan gabe doazen sintagma horiek osatzea. Demagun, nortzuk ziren agintera iritsi nahi zuten horiek. Ziur samar dakiguna da goi-agintari militarrek erbestera joanarazi dutela, ikasle-mugimenduaren protestei men eginez. Eta Muhammad Yunus, Ekonomiako Nobel sariduna ipini dutela haiek trantsizioko gobernuaren buru. Oraingoz.

San Martin uhartea eta Estatu Batuak aipatzen dituen bigarren esaldian datza pozoia. Orain arte inork hizpidera ekarri gabeko zerbait da, eta ez da erraza asmatzea zergatik esan zezakeen horrelakorik Hasina andreak... egiaren hurbileko zerbait ez balitz.

Bengalako Golkoaren ekialdeko ertzean dagoen mikro-uhartea da San Martin hori. Bangladesheko hego-muturra da, Myanmarretik hurbilxeago bere herrialdeko hegoburu kontinentaletik baino. 3 kilometro karratu (gure udalerri txikienen paretsuko hedadura ñimiñoa) dituen irlatxo zoragarria, arrantzatik eta turistei zerbitzuak eskaintzetik bizi diren hiruzpalau mila biztanle iraunkor dituena.

Eta estrategikoa baino estrategikoagoa. Myanmar eta Bangladesh begi hutsez ikusten dituela ekialderantz. Eta Golkoaren barrenalde osoa ipar-mendebaldera. Uhartetxo hori eskatua ziotela Estatu Batuek Hasina andreari? Subiranotasuna hitz potoloa da, baina bere estrategikotasuna edonork igar dezake mapari begirada botata.

Baina haren balioa are nabarmenagoa da kontuan izaten bada begi hutsez ikusten ez dena: irlatik 100 milia hego-ekialdera dagoela Kyaukphyu, Myanmarren. Txinak, aspalditik, Bengalako Golkora iristeko hautatua eta landua duen ur sakoneko portua. Jada amaituta daukan Hangrui mega-autobidearen, eta haren jarraipena izan behar lukeen eta oraintxe bertan Myanmarren gero eta oldartuago dagoen gerra zibilaren “biktima ekonomiko” nagusia litzatekeenaren akabua.

Txikiegia da San Martin uhartea bertan pulamentuzko base militar bat jartzeko. Ez, agian, ederki hornitutako zaintza-leku bat kokatzeko. Ikusiko dugu Bangladesheko gobernu berria Hasinarena baino eskuzabalagoa ote den horretarako.

Bizkitartean, Hasinaren babesleku den Indian, haren atzetik heltzen hasi diren errefuxiatuei atea ixtearekin batera, kontuak ateratzeari ekin diote han jada baten batzuek. Ezkorrak kontuak.