Apirilaren 24an lau urte beteko dira Bangladeshen Rana Plaza eraikina hondoratu zela. 1.000tik gora langile hil ziren. Multinazionalentzat arropa josten zuten, lan baldintza gogorretan. Mundu Martxak salaketa ekintzara deitu du.
Apirilaren 24an, Bilbon, 12:00etan elkartzeko deia egin du Emakumeen Mundu Martxak. Moyua plazan izango da elkarretaratzea, eta ez da kasualitatea H&M arropa kate handiaren ondoan biltzeko deia egin izana. Multinazional horrek, beste batzuekin batera, herrialde txiroetan ehungintza enpresak ditu eta langileak lan baldintza gogorretan aritzen dira lanean.
2013ko apirilaren 24an zortzi solairuko Rana Plaza eraikina hondoratu zen Bangladesheko hiriburu Dhakan. 1.127 langile, gehienak emakumeak, hil ziren eraikinak azpian harrapatuta. 2.500etik gora zauritu ziren.
Hondamendia gertatu baino aste gutxi lehenago leku horietan ibilia zen Olivier Cyran kazetaria, Le Monde Diplomatiquerentzako ikertzen bost hilabete lehenago, 2012ko azaroaren 24an, gertatutako antzeko hondamendia. Cyranek “Au Bangladesh, les meurtriers du prêt-à-porter” (Bangladeshen, modako janzkien hiltzaileak) erreportajea idatzi zuen horrelakoak berriz ere zergatik gertatuko diren azaltzeko eta Pello Zubiriak ARGIAn (“Bangladesheko arropa merkeak sarraskiz sarraski”, 2013-06-16) Cyran kazetariaren kontakizuna jaso zuen.