argia.eus
INPRIMATU
Bangladeshko ehungintzako milaka langilek greba egin dute soldata hirukoiztea eskatzeko
  • Langileek soldataren hazkundea aldarrikatu dute: 70 eurotik 195 eurora. Protesten harira, 300 lantegi baino gehiago itxi eta beste 50 arpilatu edo erre dituzte.

Izaro Villarreal Lauroba 2023ko azaroaren 03a
Asteazken honetan, hilak1, Bangladeshen izandako greba eguna // Argazkia: Twitter

Bangladeshko ehungintza sektoreko milaka langilek kaleak hartu dituzte asteazken honetan, azaroak 1, soldatak hirukoiztea eskatzeko eta azken egunotan jasandako Poliziaren errepresioaren aurka protesta egiteko. EFEk argitara eman duenez, Asiako herrialdea gatazka betean dago, gobernuaren eta oposizioaren arteko “pultsu politikoaren” ondorioz. Langileek, hartara, haien soldata 70 eurotik 190 eurora igarotzea eskatu dute asteazkenean egindako protestan eta 300 lantegi baino gehiago itxi eta beste 50 arpilatu edo erre dituzte.

Poliziaren arabera, 5.000 langile inguruk bat egin zuten asteazkeneko lanuzteekin eta eguneroko jarduna aldi baterako geldiarazi behar izan zuten enpresek. Epyllion Taldeko presidenteak, Reazuddin Al Mamoonek, Bangladeshko ehun-talde handienetako baten buru denak –24.000 langile baino gehiago ditu–, esan zuen fabrika guztiak itxita edukiko zituztela inguru horretan, egoerak ekar zitzakeen ondorioak “saihesteko” asmoz. Hala ere, inolako istilurik ez zen izan.

Protesten eskakizun zehatza

Langileek joan den astean hasi zituzten protestak. Astelehen honetan, bi langile hil dira Poliziarekin izandako liskarren ondorioz. Bangladeshko Langileen Elkartasunerako Zentroko zuzendari exekutiboak, Kalpona Akterrek, azpimarratu duenez, langileek 23.000 takako (210 dolar inguru) gutxieneko soldata eskatzen dute Asiako inflazioa konpentsatzeko, baina jabeek 10.400 taka (94 dolar inguru) baino ez dute onartzen.