argia.eus
INPRIMATU
Emakumeen Mundu Martxaren ekitaldiak
Bangladesheko arropa fabrikan hildako emakumeak gogoan
  • 1.130 lagun hil ziren Bangladesheko Dhakan hiriburuan, eraikina erorita, 2013ko apirilaren 24an. Erdiak baino gehiago emakumeak ziren, eta besteak beste, Benetton, Mango, Inditex eta El Corte Ingles arropa markentzat jantziak egiten zituzten, lan baldintza gogorretan. Emakumeen Mundu Martxak ekitaldiak antolatu ditu bigarren urteurrenean.

ARGIA @argia 2015eko apirilaren 24a
Eraikinean zauritutakoak eta hildakoen senideak kalte-ordainak eskatzen. Argazkia: 2014 GMB Akash / Panos

Multinazional horiek biktimentzako adostutako kalte-ordainetatik 6 milioi dolar ez dituztela eman oraindik salatu du hainbat eragilek.

Munduko hainbat herrialdetan gogoratuko da duela bi urte Bangladeshen gertatutakoa, Mundu Martxako plataformen bidez. Euskal Herrian, Bilbon, Donostian, Iruñean eta Gasteizen egingo dira ekitaldiak.

Bi helburu dituzte ekimenok. Batetik, Emakumeen Mundu Martxak salatu nahi du sistema kapitalista patriarkalak emakumeen lan produktiboa nola gutxiesten duen. Bestetik, 2013ko apirilaren 24an Rana Plaza eraikina erorita hil ziren 1.130 pertsonak eta 2.000tik gora zaurituak gogoratu nahi dituzte. Tartean emakume langileen haurrak zeuden, eraikineko haurtzaindegian edukitzen baitzituzten. Zortzi solairuko eraikinean lau arropa fabrika, bankua eta dendak zeuden.

Emakumeen Mundu Martxaren ustez,  arropa fabriketako langileek (ia denak emakumeak) lan baldintza gogorretan egiten dute lan; 14 orduko lanaldiak dituzte, soldata oso baxuak, eta gutxieneko segurtasuna betetzen ez duten eraikinetan egiten dute lan.

Bangladeshen arropa fabrika ugari dago, eta urtean ehunka lagun hiltzen da eraikinetan izandako suteetan, eta fabrikok erorita hilda.

Bangladesheko arropa fabriketan lanean ari diren emakume langileen egoeraz gehiago jakin nahi izanez gero Bangladesheko arropa merkeak sarraskiz sarraski erreportajea irakur dezakezu.