2013ko apirilean, 1.100 langile baino gehiago hil ziren Blangadesh-eko arropa enpresa batean. Benettonek, El Corte Inglesek, Mangok eta Primarkek azpikontratutako langileak ziren. Hiru urte igaro dira sarraskitik, eta Juan Hernandez Zubizarretak eta Pedro Ramirok LaMarea.es hedabidean idatzitako artikuluan salatu dute multinazionalen jarduna kontrolatzen duen mekanismo eraginkorrik ez dela sortu oraindik.
Multinazionalen jardunaren inguruko legez besteko proposamena onartu berri du Espainiako Kongresuak. Podemosen taldeak bultzatuta, alderdi politiko guztiek, PPk izan ezik, babestu dute testua. “Multinazionalak dira giza-eskubideen urraketen erantzule nagusiak. Krimen horiek ez dira zigortzen nazioarteko zuzenbidean eta politiketan dauden hutsuneen ondorioz eta sistema judizialean dagoen ustelkeriagatik”.
Testu horren bidez, Espainiako Gobernuari eskatu diote enpresa multinazionalen jardunean eragin juridiko zuzena izango duen tresna sortzearen alde ager dadila, eta babes dezala Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Giza Eskubideen Batzordeko lan-taldea, baita bertan parte har dezala ere.
Urte askotan luzatu den eztabaida
70eko hamarkadaren hasieran, NBEko Batzar Orokorrak babestu egin zuen Salvador Allenderen diskurtsoa: “Nazioarteko komunitateak ez du onartzen kapitalismoaren interesen menpe dagoen nazioarteko zuzenbidearen interpretaziorik".
XXI. mendearen hasieran, ordea, Ban Ki-Moon NBEko idazkari nagusiak “kapitalismo inklusiborako” deia egin zuen: “Gobernuek, jendarteak eta sektore pribatuak batera egin behar dute lan munduko ongizatearen alde”.
2013ko urtarrilean, Espainiako Estatuko Giza Eskubideen Bulegoak eztabaida prozesua jarri zuen martxan. Elkarte sozialekin, sindikatuekin eta enpresariekin bildu ziren multinazionaletan giza eskubideak errespetatzeko plan bat egiteko. Urte eta erdi geroago, Giza Eskubideen eta enpresen gaineko plana sortu zuten. Bi urte igaro dira ordutik, eta Espainiako Kongresuak ez du onartu oraindik.
2014ko ekainean NBEk onartu zuen gobernuarteko lan-talde bat eratzea multinazionalen jarduna erregulatuko duen instrumentu juridikoa sortzeko. 26/9 erresoluzioa da lan-talde horren emaitza, eta NBEko Giza Eskubideen Batzordeak onartu zuen. AEBek, Europar Batasunak, Kanadak eta Japoniak aurka bozkatu zuten, eta mundu osoko 600 elkartek baino gehiagok babestu zuten.
2016ko urrian, gobernuarteko lan-taldearen bigarren batzarra egingo da, eta bertan ikusiko da ea gobernuek erakusten duten langileen giza-eskubideak errespetatzeko tresna eraginkorrak sortzeko borondate politiko errealik.