Asteburuan ezagun egin dira Korrikako beheko argazki hau edo honen antzerakoak, larunbatean Joseba Asiron Iruñeko alkateak Korrikaren lekukoa jaso baitzuen Iruñeko Udal plazan. Milaka pertsona izan ziren une eder eta hunkigarriaren lekuko.
Horraino dena normala, Korrika moduko ekitaldi bateko irudi eder bat gehiago eta kito, oso sinbolikoa hori bai, Iruñeko alkateek ez baitituzte sarri hartzen Korrikaren lekukoak, baina tira, azken lau urteetako aldaketa ugarietako bat gehiago.
Denak ez gustora, ordea, eta nabarrismoak "euskal inperialismoa" salatu du berriz ere Iruñeko alkateak ikurriña eskuetan eraman duelako. Barregarria da, txisteen eremukoa, baina besterik ez dutenean, euren kanpainarako edozer baliatu behar duten seinale; sarritan izan dira presoen aurpegiak edo Korrika jazten duten bestelako aldarrikapen asko eta oraingoan, Banderazo lekukoaren ikurriña defendatzera atera behar izan da. Nafarroari haien ustez atzerrikoak diren ikurrekin –beti euskal ikurrak– "eraso egiten zaionean" ateratzen da Banderazo kolektiboa Nafarroako "egiazko ikurrak haizatzera", ohikoan Nafarroako bandera konstituzionalista handi bat. Banderazoren argazkiak eta albistea Navarra.com-etik jaso ditugu.
Bai, hori baino konplexuagoa izango da, jakina, baina batek pentsa dezake, halakoak besterik ez dituzten bitartean, ez gabiltzala gaizki hurrengo Korrikan Asironek berriz jaso dezan lekukoa Iruñeko alkate gisa.