argia.eus
INPRIMATU
Sabadell Bankuan zituen 209.201 euroak Fiare banku etikora eraman ditu Mañariko Udalak
  • Mañariko Udalak Banco Sabadellen zituen 209.201 euroak Fiare banku etikora eramatea erabaki du. Ebatzi horren bidez, “gizartea eraikitzeko bidean ­—gizartean balio justu, solidario eta humanoak sakontzeko bidean— gure harritxoa jarri gura izan dugu”, adierazi dute udal ordezkariek ohar batean.

Anboto @anboto Joseba Derteano 2018ko otsailaren 02a
Mañariko plaza eta udaletxea. Arg: bizkaia.eus

Etekin irizpideen arabera bakarrik funtzionatzen duten eredutik irten eta beste adierazpide baten aldeko apustua egin dute. “Fiare banku etiko, herritar eta kooperatiboaren aldeko proiektua da. Helburu nagusia da pertsona zein antolakundeen aurrezkiak ekonomia sozial eta solidarioko proiektuen zerbitzura bideratzea”, diote.

Mañariko Udalaren oharrean azpimarratu dute "finantza erakundeak merkatu neoliberalaren oinarrizko zutabeetariko bat” direla eta horren ondorioz, bankuek eta kutxek eragiten duten “bidegabekeria larria” salatu dute, etxegabetzeak tarteko. Giza eskubideak urratzen dituzten arloetan inbertitzen dutela gaineratu dute, hala nola, etxebizitzen espekulazioa edota armagintzan.

Fiarera aldaketa egin dute, Udalaren balioekin bat egiten dutelako. Banku etikoaren helburu nagusia da aurrezkiak ekonomia sozial eta solidarioko proiektuen zerbitzura bideratzea,  mozkin ekonomikoei baino aurrerapen sozialei lehentasuna emanez.

Fiare banku etikoari buruzko informazio gehiago kanal honetan: www.argia.eus/fiare

Jatorrizko albistea Anbotok argitartu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.