argia.eus
INPRIMATU
Banc Expropiaten aldeko protestan gero eta jende gehiago
  • Bartzelonako beste auzoetatik Gràciara joandako zutabeek ehunka lagun bildu dituzte hirugarren gauean. Liskarretan hainbat kazetari ere zauritu ditu poliziak.

ARGIA @argia 2016ko maiatzaren 26a
Poliziaren helikopteroak Revolució plazan (arg.: La Directa / Victor Serri)

Banco Expropiat deituriko eraikina hutsarazi ondoren sorturiko protestak bizkortzen ari dira egunez egun. Aurrekoetan poliziarekin izandako liskarrak nabarmendu badira ere, hirugarren egunean manifestazio jendetsuak izan dira protagonista.

La Directak emandako datuen arabera, Revolució plazan 2.400 lagun bildu dira asteazken ilunabarrean; horietako asko beste auzoetatik irtendako zutabeetan iritsi dira Gràcia auzo herrikoira.

Manifestarien asmoa zen hutsarazitako eraikina inguratzea, baina inguru guztia poliziak harturik zegoen. Azkenean eraikina eta polizia bera inguratu dituzte.

Atxilotuak eta hainbat kazetari zaurituta

Hirugarren gauean poliziarekin hainbat istilu izan dira eta La Directak azaldu duenez agente batek kolpeekin eraso du hedabide horretako Jesús Rodriguez kazetaria eta ospitalean artatu behar izan dute eskuan mina hartuta.

Horrez gain La Directako beste erredaktore bat, eta Fotomovimientoko La Vanguardiako kazetariak ere zauritu dituzte mossoek.

Bestalde, El Diario.es-eko korrespontsalak azaldu duenez polizia hainbat atxiloketa egiten ari zen gauak aurrera egin ahala.