argia.eus
INPRIMATU
Banatzaileen sektorea profesionalizatzeko Ziclo-P sortu dute Iruñerrian
  • Iruñerrian tokiko banaketa etikoa eginen duen mikro kooperatiba berri bat sortu dute: Ziclo-P. Uztailaren 2an hasiko dira bizikletarekin Iruñerriko merkatariak eta herritarrak lotzen.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2021eko ekainaren 24a

Plataformen tokiko alternatiba izan nahi du Ziclo-P-k. Hamabi langilek osatzen dute, aurretik Glovo enpresarako rider izandakoak eta ekonomia sozial eta solidarioko ekintzaileak. Multinazionalek irabaziak izateko asmoz erabiliak izan direla salatu dute eta horri aurre egiteko hiru helbururekin elkartu dira: "Sektorea profesionalizatu nahi dugu, tokiko merkataritza bultzatu eta bizikletaren erabilera sustatu". Mikrokooperatiba itxura eman diote elkarketari xede horiek lortzeko, banatzaileen lan baldintzak duintzeko formarik egokiena dela sinetsita.

Uztailaren 2an jarriko dute martxan zerbitzua, Coop Cyle federazioarekin batera. Europako zazpi herrialdetan martxan dagoen software libreko plataforma eta webgunea da Coop Cycle; eta hori da deskargatu beharreko aplikazioa Ziclo-P-k banatutakoak jasotzeko. Bost jatetxerekin egin dute hitzarmena, eta lanean ari dira proiektura gehiago erakartzeko. Aurki Argia astekaria ere banatzen hasiko dira, esaterako.

Jakien banaketaz gain, dena den, alor logistikora ere urratsa egin nahiko lukete. Hori dela eta, Euskal Herriko tokiko banaketa kooperatibekin harremanetan dira. Biziklo federazioa osatzeko lanak abiatu dituzte, etorkizuneko kooperatibei tokiko aholkularitza, bultzada eta finantzaketa emateko.