argia.eus
INPRIMATU
Banatu dituzte CAF-Elhuyar sariak, zientzia eta teknologiako lanak euskaraz zabaltzea aitortzeko
  • Judith Zubia, Mattin Urbieta, Iñaki Sanz-Azkue eta Aitor Garmendia saritu dituzte. Aurtengo sorkuntza-beka Jon Sánchez eta Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatibak jaso dute, eta merezimendu-saria, berriz, Jacinto Iturbek.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko apirilaren 27a

Banatu dituzte CAF-Elhuyar sariak, zientzia eta teknologiaren inguruko ikerketen euskarazko zabalpena saritzeko helburuarekin. Usurbilgo Sutegi aretoan egin dute sari banaketa, "begiratu urrunera" lelopean. Sariketa Elhuyarrek antolatzen du, CAF enpresarekin batera eta NEIKERen babesarekin. 41 lan jaso dituzte edizio honetan.

Judith Zubiak dibulgazio-artikulu orokorraren saria jaso du, Garena egiten gaituena, egiten duguna idazteko artikuluarekin. Datuen biltegiratze digitalari heldu dio arrasatearrak.

Egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluaren saria, berriz, Mattin Urbieta debarrari eman diote, Elektroiekin dantzan nanoeskala argitzeko lanagatik.

Iñaki Sanz-Azkue ARGIAko kolaboratzaile hernaniarra saritu dute zientzia-kazetaritza kategorian, Dragoi txiki bat egongelako horman artikuluagatikKlima aldaketaren gaiari "xumetik eta txikitik" heldu diola azaldu du epaimahaiak.

NEIKER sariak lehen sektoreko lanak saritzeko helburua du, eta aurten Aitor Garmendia itsasondoarrak irabazi du, Aralar, balioen eta interesen aniztasuna parke natural batean lanari esker. Saridun guztiek 2.000 euro eta Imanol Andonegiren eskultura bana jaso dituzte.

Sorkuntza-beka, bi lanek

Aurtengo sorkuntza-beka bi pertsonari ematea erabaki du epaimahaiak, Jon Sánchez donostiarrari bere Semiosi-genesi proiektuagatik eta Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatibari Ia dena lanagatik. Biek landu dute adimen artifizialaren gaia, eta, epaimahaiaren hitzetan, bi proiektuak "osagarriak eta bateragarriak" dira. Hala, 5.000 euroko laguntza jasoko dute.

Azkenik, merezimendu-saria ere ematen du Elhuyar Fundazioaren Patronatuak, euskararen normalizazioan eta zientzia eta teknologiaren dibulgazioan nabarmendutako pertsonak omentzeko helburuarekin. Aurten Jacinto Iturberi eman diote saria, "euskara eta zientzia unibertsitatearen eremuan zabaltzeko egindako lan eskergagatik eta zientziaren dibulgazioan egindako ekarpen apartagatik".