argia.eus
INPRIMATU
Euskaraldiko izen ematea “erritmo onean” doala nabarmendu dute egun gutxiren faltan
  • Euskaraldia hasteko egun gutxi falta direla, koordinatzaileek gomendioak eman dituzte: rol bakoitzaren txapak erabili eta erronka zehatzak hartu. Kaleak berotzen hasteko ehunka ekitaldi antolatu dituzte Euskal Herri osoko herrietan.

ARGIA @argia 2022ko azaroaren 09a
Euskaraldian izen ematera dei egin dute Donostian, eta "erritmo onean" doala aurreratu.

Euskaraldiaren hirugarren edizioa hasteko egun gutxi gelditzen dira, eta antolatzaileek aurreratu dute aurtengoan ere izen ematea “erritmo onean” doala eta ariketa soziala “masiboa” izango dela. Euskaraldia azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean egingo da, eta ahoak eta belarriak berotzen hasteko, herrietan ehunka ekitaldi prestatzen ari direla azaldu dute asteartean Donostiako San Telmo museoan eginiko agerraldian.

Besteak beste, koordinatzaileek honako hitzorduak zehaztu dituzte: azaroaren 14an, astelehena, Euskaraldiak eta Errigorak agerraldia egingo dute batera, Iruñeako Geltokin, 10:30etan. Bestetik, azaroaren 17an, osteguna, Euskaraldiaren bezperako ekitaldiak egingo dira Euskal Herriko hiriburuetan. Euskaraldiko hamabost egunak amaitu ostean, abenduaren 2an bertan balorazioa egingo da Gasteizen.

Oraindik irekita dago izena emateko aukera Euskaraldiaren webgunean. Aurreko urteetako edizioetan parte hartu zutenek berriztatu egin beharko dute soilik, eta aurten lehen aldia dutenek datu gutxi batzuk bete beharko dituzte. Ahobizi eta belarriprest guztiei eskatu diete txapa erabiltzeko, aurreko edizioetan frogatu baitzen rola identifikatzeak asko lagundu zuela ariketan. Dagoeneko laurehun herri baino gehiagotan hasi dira Euskaraldiaren batzordeak txapak banatzen.

Halaber, parte hartzaileei gomendatu diete erronka zehatzak hartzeko, hizkuntza ohiturak aldatze aldera. Nork bere testuingurura egokitutako urratsen bidez lortuko dira emaitza sozialak. Izan ere, parte hartzea indibiduala den arren, ariketa ahalik eta kolektiboen izatea da helburua, eta hirugarren edizio honetan mantendu da iaz abiatutako Ariguneen formatua, entitateek ere parte hartu dezaten.

Euskaraldia “kalean ikusgarri” izatea nahi dute antolatzaileek, eta horretarako kaleak girotzeko baliabideak eskaini dituzte; hala nola, leiho eta balkoietan jartzeko banderatxoak edota kaleetan jartzeko kartelak.

Donostiako agerraldian parte hartu dute, besteak beste, Euskaraldiko koordinatzaile Goiatz Urkijok, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuorde Miren Dobaranek, Euskarabideako zuzendari Mikel Arregik eta Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari Kike Amonarrizek. Modu berean, eskertu egin dute Euskaraldiaren batzordeetako milaka baluntarioren lana.