argia.eus
INPRIMATU
Balzola eraikuntzako langileek zuzendaritzari leporatu diote enpresa porrotera bideratzea
  • Balzola eraikuntza etxeak 179 langile ditu eta hiru hilabeteko soldatarik jaso gabe jarraitzen dute. Bizkaiko eraikuntza publikoarekin oso lotua egon da sorreratik: berak egin ditu, besteak beste, Guggenheim, Paraninfo UPV, Metro Bilbao, AHTko zenbait zati eta Iberdrola Dorreko akaberak. ELA sindikatuak jakinarazi duenez, enpresa horretako langile batzordeak kritikatu du "enpresa aurrekonkurtso egoeran egon den lau hilabeteetan zuzendaritzak enpresa deskapitalizatu izana. Gobernuak pandemiaren ondorioz ezarri duen luzapena aitzakia hartuta, prozesu guztia luzatzen ari da, eta langileak, azpikontratak zein hornitzaileak ari dira ordainsari ezaren agonia jasaten".

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 07a
Petronorren koke planta eraikitzen aritutakoa da Balzola eraikuntza enpresa. Argazkia: Balzola.

ELAk kaleratutako oharrak azaltzen duenez, enpresak hiru hilabeteko soldatak zor dizkie 179 langileei. Horrez gain, enpresa lau hilabetez egon da aurrekonkurtso egoeran, eta langile batzordeak salatu du "zuzendaritza irtenbideak bilatzen saiatu beharrean enpresa deskapitalizatu izana, eta era berean, uste du fede txarrez jokatzen ari dela borondatezko hartzekodunen konkurtsorik ez aurkezteagatik".

Luzapena langileen kaltetan

Langile batzordeak azaldu du Gobernuak pandemiaren ondorioz ezarri duen luzapena "aitzaki" gisa erabili duela enpresak eta prozesu guztia luzatzen ari denez, azken hilabeteetan ordainsaririk jaso ez duten langileak, azpikontratak zein hornitzaileak ari direla "agonia" jasaten. Erantsi du "enplegu-erregulazioko-espedienteak dakarren lege-hutsunea medio, defentsa-gabezian" daudela langileak eta ziurgabetasuna bizi dutela, euren etorkizuna zein izango den ez dakitelako.

Zuzendaritza "kudeaketa txarraren arduradun" jo du langile batzordeak

Balzolako zuzendaritzari konponbideak berehala eskatu dizkio batzordeak, baita ordaintzeke dituen soldatak ordaintzeko ere. Enpresa porrotera bultzatu duen kudeaketa txarraren erantzule egin dute zuzendaritza.