“Dena ETA da” teoriaren sortzaile izateagatik ezaguna den epaileak artikulua publikatu du El País egunkarian Altsasuko auziari buruz.
“Sendotasun juridiko falta handia dauka hau jarrera terroristatzat kalifikatzeak eta erakusten du magistratuaren argudioen ahultasuna”, idatzi du Garzonek. Artikuluan dioenez, “Ospa Mugimendua kolektiboari izaera terrorista emateak, epaileak eta fiskalak egiten duten moduan, inplikatuko luke guztiz definituta egon beharko liratekeela haren helburu terroristak, Zigor Kodearen 373. artikuluak eskatzen duen moduan. Baina ez da horrela. Ezta zeharka ere”, gaineratu du.
Baieztapen hori egitearekin batera, Garzonek desberdindu ditu Altsasuko kasua eta “dena ETA da” teorian oinarrituta berak martxan jarritako operazioen izaera. Hori egitean zenbait datu oker ere eman ditu, adibidez, esan duenean Alde Hemendik proiektua ETAk sortu zuela –behin baino gehiagotan argitu izan den moduan, EIA izan zen lema lehen aldiz erabili zuena–. Nolanahi, Garzonen ustez 2011ko urriaren 11n ETAk behin betiko armak uztea erabaki zuenetik “hustuta” geratu zen Alde Hemendik kanpainaren lotura talde armatuarekin.
Epailearen ustez “astronomikoak” dira Altsasuko gazteentzat fiskaltzak eskatu dituen kartzela zigorrak eta Espainiako Auzitegi Gorena ere kritikatu du, kasua Auzitegi Nazionalean edo Iruñean epaitu behar zen erabaki behar zenean “zentzugabekeria juridiko hau” ez gelditu izanagatik.
Epailea harago ere joan da, “terrorismo kontzeptuaren desnaturalizazioa” aipatuz eta azken urteetako zenbait adibide jarriz: Twitterren idazteagatik, Espainiako himnoaren kontra txistukatzeagatik edo Espainiako bandera erretzeagatik auzipetutako pertsonak, adibidez. Askoz lehenago Euskal Herrian ezaguna zen “desnaturalizazio” horren beste zenbait adibide –kazetariak, politikariak, herri mugimenduetako kideak...– ez ditu eman artikuluan ordea.