argia.eus
INPRIMATU
Garzon Otegiz: “Agian, hainbat egoeratan kartzela ez da tokirik egokiena”
  • El País egunkariak elkarrizketa egin dio Baltasar Garzón Espainiako Estatuko Auzitegi Nazionaleko epaile ohiari (zigortuta dago 2021 arte). Kazetariak galdetu dio ea Arnaldo Otegik kartzelatik atera behar duen. Garzónen iritziz, nahiz eta berak agindu kartzelara bidaltzea, Otegik bakearen aldeko jarrera erakutsi du eta beharbada hainbat egoeratan kartzela ez da tokirik egokiena. Epaile zigortuaren ustez, badira alternatibak, eta mahai gainean jarri behar dira bake eremu bat sortzeko. Eta ez dio Otegirengatik soilik.

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2013ko maiatzaren 24a
Garzónek dio agian Otegik ez lukeela kartzelan egon behar.

ETAko presoen hurbilketaz eta haiei baimenak emateaz ere hitz egin du Garzónek. Bere ustez, Espainia ez da duela hiru urtekoa eta ETAren ingurukoen ikuspegiak ere ez dira berak. Terrorismoa bukatzeko bidean, neurriak hartu behar direla dio, presoen hurbilketa eta baimenak ematea, edo hori baino gehiago. Orain, elkarrizketa-bide horri segi behar zaiola uste du, adibidez, presoen jarrera aztertu.

Garzónek 65 urte izango ditu Gürtel kasuko entzuketengatik ordaintzen ari den zigorra 2021eko maiatzean bukatzen denean. Epaile kargura itzuli bitartean (itzuliko dela dio) zazpi lan ditu sei herrialdetan.

Kazetariak galdetu dio ea politikara itzuliko den eta honakoa erantzun du: “Politikan parte hartzeko garaia da, zeren Gobernuaren eskutik egoera lotsagarria ari gara bizitzen. Ni ari naiz politika egiten, salaketaren, eztabaidaren eta exijentziaren bidetik. Baina ez naiz inolako zerrendetan azalduko. Ez naiz horren aldekoa”.