argia.eus
INPRIMATU
Maddi Zubeldia, Baltsan elkarteko kidea
“Balore berak partekatzen ditugu ARGIArekin, euskaldun, solidario eta burujabe, txikitik eraginez”
  • Maddi Zubeldia Arozena, Baltsan elkarteko kidea da, idazlea eta kantaria: "Ziburuko euskal liburu eta disko azoka Argia aldizkariarekin bat egitea naturala iruditu zaigu, balore berak partekatzen baititugu, euskaldun, solidario eta burujabe, txikitik eraginez", erran digu besteak beste.

Mikel Asurmendi @masurmendi 2019ko maiatzaren 31
"Zimurrak baleki" disko berriaren azala.

Zer deritzozu Liburu eta Disko Azoka hau antolatzeari?

Ideia Euskaraldia-ren ondotik sortu zen, eta ni bereziki hunkitzen nauten bi helburu betetzen ditu: batetik euskarazko liburu eta disko azoka baten antolatzea, Ipar Euskal Herrian ez baita horrelakorik, euskarazko sorkuntza eta ekoizpena erdarazkoak itoa suertatzen da maiz zoritxarrez; eta bestetik Ziburuko plaza euskalduntzea izaki gure betiko asmoa, urrats bat gehiago ematea pozgarria da.

Ziburun eta Baltsan elkartearen eskutik. Ziburu eta Baltsan: sarri entzuten ditugun izen propioak.

Sarri entzuten direla jakitea marka ona da! Baltsan elkartea duela zazpi urte sortu zen, eta geroztik saiatu gara gure heinean hainbat ekitaldi kultural eta herrikoi proposatzen, eta gure txikitik uste dut lortu dugula herri mailan euskal kulturaren erreferentzia izaten. Ez da guti hemen!

Oraingoan Argia aldizkariarekin bat egitea naturala iruditu zaigu, balore berak partekatzen baititugu, euskaldun, solidario eta burujabe, txikitik eraginez.

Zer espero duzu egunaz?

Egun hori ilusio handiz prestatzen aritu gara, eta lehen edizioa izanez, ikusmira sortzen du. Espero dudana hauxe da: jendea hurbilduko dela, ziburutar zein beste, argitaletxeek eta idazleek oso baikorki erantzun baitute, eta elkarrekin momentu goxoa bizi dezagun, sinpleki, baltsan eginez!

Eta dudarik gabe, ekainaren lehen larunbata Ziburuko euskal liburu eta disko azokaren urteroko hitzordua bilaka dadin espero dut.

Bestalde, Zimurrak baleki diskoa argitaratu berri duzu.  H-Edenekin batera egindako hirugarrena. Nondik nora... lan hau?

Zimurrak baleki berriki atera dugu, eta ibilbide luze eta oztopo ugari gainditurik, pozik gaude! Diskoa belarri label berriarekin elkarlanean atera dugu. 12 kantuz eta bi olerki erranez osatua da lanak, folk intimista giroaren baitan bidaiatzera gonbidatzen du.

Zimurrak baleki-n, melankolia kontsolagarriak bizi-bizirik dirau, ainguraketa musika herrikoiaren berotasunaren baitan dauka, bertakoan nola kanpokoan. Errotze horrek irekitzea ahalbidetzen du, Josean San Miguelek ekarri digun adierazpen garaikideak gure musikaren esparrua paisaia eta soinu testura berrietara eramanez. Gainerakoan, Pat Tetevuide da kantuak moldatu dituen artisaua, Lerman Nieves soken kuartetoa landu duena.

Etxekoak hurbil ditut beti: Unai semea buzukian, Nahia alaba ahotsean, Iñaki iloba perkusioetan. Xano betiko adiskide fidela, eskusoinuan... lehendabiziko albumetik. Azkenik, Michel Claudiok mandolinan eta Cristina Vertizek biolinean lana zoragarri josi dute, eta Pettik kolaborazio hunkigarria eskaini digu.

Besterik?

Zatozte, haur, heldu, zahar eta gazte!